Oñatiko udala

Aurrekontua jasota bigarren deialdia zabaldu da Sancti Spiritus unibertsitatea birgaitzeko lanak egiteko

2025/10/27
Card image cap
Lehen deialdia hutsik utzi du Foru Aldundiak, eskaintzerik aurkeztu ez delako

  Sancti Spiritus unibertsitatea birgaitzeko lehen faseko lanak dira berriro esleipenera atera direnak, hau da, eraikinaren kanpoko eta klaustroko fatxadak eta teilatua zaharberritzeko lanak. Lehen deialdia hutsean geratu da, ez baita enpresarik aurkeztu, eta aurrekontua 2.323.656 eurotara jasota, bigarren deialdia zabaltzea erabaki du Diputazioak. Prozesura aurkezteko epea azaroaren 3ra artekoa da, oraingoan. Eraikina bertatik bertara ikusteko bisita antolatu du Aldundiak bihar goizerako. Parte hartu nahi duten enpresa ordezkariek, ordea, aurrez izena eman behar dute eta gaur da horretarako azken eguna.

  Unibertsitate zaharrean egingo diren lanen oinarria Tabuenca & Leache arquitectos enpresak osatutako proiektua da. Horren arabera, eraikinaren kanpoko eta klaustroko fatxadetako harlangaitza luzituko da; kolore argiko morterozko geruzekin emokatuko da, harria erabat estali gabe eta harlanduzko elementuak nabarmentzeko helburuarekin. Azkenik, hidrofugatzailea aplikatuko da, fatxadak babesteko. Beste lan batzuk ere egingo dira: kamera bufoaren azterketa, gargolen errebisioa, klaustroan erdi ezkutuan dagoen erretenaren errebisioa eta estalkia zaharberritzea. Kasu honetan estalkiko materiala desmuntatu eta birmuntatzea proposatzen da. Era berean, eraikinaren egurrezko bi ateak zaharberritzea proposatzen da eta tximistak lehertu zuen pilastroiaren eskulturari dagokionez, pieza berri bat egin eta jartzea.

  Hutsik utzi den iraileko lehen esleipen prozesuarekiko bi aldaketa nagusi txertatu ditu Foru Aldundiak bigarren deialdi honetan: aurrekontua ia 239.000 eurotan jaso da, esan bezala, eta exekuzio epea 7 hilabetetik 9ra luzatu da, nahiz eta lehenbailehen burutzea komeni dela zehazten den. Izan ere, Sancti Spiritus unibertsitatea birgaitzeko lanetarako dirua Europako Next Generation funtsetik jaso da eta hori zuritzeko epemuga zorrotza da. Lanen esleipenerako bi irizpide nagusi daude: eskaintza ekonomikoa eta zaharberritze lanen memoria teknikoa.

  Tabuenca&Leache arquitectos etxeak osatu zuen proiektuaren arabera, orokorrean, ona da unibertsitate zaharraren kontserbazio egoera, nahiz eta nagusiki urak eragindako hainbat patologia edo gaitz atzeman diren: harriaren bolumetria galera, pitzadurak edota zikinkeria, besteak beste. Gutxieneko esku hartzearen irizpidea jarraitu da proiektua idazterakoan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!