Udal langileen mobilizazioak gogortzeko deia zabaldu dute ELA eta LAB sindiikatuek
2010etik iraungita dagoen hitzarmena udal mailan negoziatzea eskatzen dute, EUDELek aurrera pausurik ematen ez duela ikusita. Udaletako lan baldintzak hemen erabaki lemapean, 15 minutuko elkarretaratzeak egiteari ekin zioten Oñatiko Udaleko langileek otsailean. Udal arduradunen aldetik ordea, ez da negoziatzeko asmorik azaldu eta EUDELera bideratzen dituztela ikusita, greba dianamika hastea proposatu dute langileen ordezkaritza duten bi sindikatuek, ELAk eta LABek. Gaur, eskualde mailako elkarretaratzea Oñatin egin da eta datorren asterako, apirilaren 23rako, bi orduko lanuztea deitu da, 11:00etatik 13:00etara. Era berean, egun osoko greba deitu da maiatzaren 14 eta ekainaren 4rako.
Udalhitz da udal langileei aplikatu ohi zaien hitzarmena. Honen negoziazioa hasi eta ia urte eta erdi pasa denean, EUDELen eskaintzak ez ditu langileen eskaerak asetu, proposatutako edukiak eskasak eta, orokorrean, konkreziorik gabeak direla irizten diote. Lan baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe urte asko daramatzatela argudiatuta, mobilizazioak gogortu eta greba dinamika batean sartzea proposatu dute sektoreko sindikatu nagusiek. Soldata igo eta urteetako murrizketek eta inflazioak eragindako galera berreskuratzea, erretiro aurreratuak erraztu, lan astea eta urteko jardunaldia murriztu, osasun arrisku fisikoak eta psikikoak saihesteko neurriak adostu eta lan hitzarmena eta baldintzak bertan erabakitzea eskatzen da, besteak beste. Izan ere, Madrilgo gobernuak kontratazio berriak edota soldata igotzeko legez jarritako mugak bete izan dira gurean, horiek baztertu eta bertako negoziaketa ahalmen eta mahaia berreskuratzea eskatzen dute udal langileek eta hauen ordezkari sindikalek.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!