Oñatiko udala

Udal langileek greba egingo dute bihar, lan hitzarmenaren alde

2026/05/13
Card image cap
Bi orduko lan uztea, apirilaren 23an
Kiroldegia, Kultur Etxea eta Euskaltegia itxita egongo dira eta Oñati Irratiak ez du emanaldirik egingo

  LAB eta ELA sindikatuek deitu dute greba eta 120 langile batzorde baino gehiagok bat egin dute ekimenarekin, tartean, Oñatikoak; udal langileen asanbladak gehiengoz onartu zuen bihar eta ekainaren 4an greba egitea, lan baldintzak hobetzeko negoziazioak bultzatzeko.

  Udalak gutxieneko zerbitzuak agindu ditu eta, ondorioz, udaletxeko HAZ zerbitzua zabalik izango da, dokumentuan erregistroa egin eta deiak jasotzeko bakarrik, udaltzaingo zerbitzuaren %100 bermatuta egongo da eta hilobiratze zerbitzua mantenduko da, soilik ezinbesteko denean. Zubikoa kiroldegia, Euskaltegia eta Kultur Etxea itxita egongo dira eta Oñati Irratiak ez du irratsaiorik egingo bihar. Aldiz, udalak azpikontratatuta dituen zerbitzuak normaltasunez beteko dira: Herribusa, Gaztelekua eta Ludoteka.

  EAEko udaletako lan hitzarmena, Udalhitz, 2010ean iraungi zen, ondorioz, udal langileen lan baldintzak okertzen doaz urtetik urtera. Negoziazio mahaia iazko urrian ireki zen EUDELekin baina ez da proposamen integralik egin orain arte eta onartu egin dituzte Madrildik ezarritako enpleguari eta soldatari lotutako neurriak, sindikatuen esanetan. Mahaia pasa den astean, maiatzaren 7an bildu zen azken aldiz baina ez zen behar besteko aurrerapenik jaso EUDELen eta alderdi politikoen proposamenetan. Negoziazioa oso motel doala eta eduki zehatzak falta direla adierazi dute sindikatu ordezkariek. Hitzez proposatutakoa paperean eta idatziz aurkeztea ere eskatu dute.

  Soldata igo eta urteetako murrizketek eta inflazioak eragindako galera berreskuratzea, 1.500 euroko gutxieneko soldataren azpitik jasotzen duen subkontratatutako langilerik ez egotea, zerbitzuak ez pribatizatzea, enplegua egonkortu eta behin-behinekotasuna murriztea eta feminizatutako sektoreetan langileen lan jarduna %100era jasotzea eskatzen da. Erretiro aurreratuak erraztu, lan astea eta urteko jardunaldia murriztu, osasun arrisku fisikoak eta psikikoak saihesteko neurriak adostu eta lan hitzarmena eta baldintzak bertan erabakitzea eskatzen da, besteak beste. Izan ere, Madrilgo gobernuak kontratazio berriak edota soldata igotzeko legez jarritako mugak bete izan dira gurean, esan bezala, eta horiek baztertu eta bertako negoziaketa ahalmena berreskuratzea eskatzen dute udal langileek eta hauen ordezkari sindikalek.

  Azken urteetan hainbat greba eta lanuzte egin ondoren, otsailean asteroko mobilizazio dinamikari ekin zioten Oñatiko udal langileek, 15 minutuko elkarretaratzeak egiten. Apirilaren 23an bi orduko lanuztea egin zuten eta bihar berriz, greba. Ekainaren 4rako bigarren greba eguna ere deitu dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!