Inklusioa eta irisgarritasuna dira Mugikortasun astearen aurtengo ezaugarriak
Europako Mugikortasunaren Astea irailaren 16tik 22ra izango bada ere, Oñatin bihar bertan hasiko da, Natur eskolan antolatu duten mendian inklusioa bultzatzeko tailer teoriko-praktikoa asteko egitarauan sartu baita. Ekintza bat dator Europako Batzordeak aurtengorako hautatu duen lema nagusiarekin, hau da, Mugikortasuna pertsona guztientzat lemarekin.
Natur eskolaren erabiltzaileak anitzak dira, baita mugikortasun urriko pertsonak ere eta mendiaz eta basoaz gozatu dezaten Joëllette aulkia erosi dute. Bizpahiru lagunen artean eramaten den aulki berezi hau Natur eskolara doazen mugikortasun urriko ikasleentzat erabiliko da, hauen inklusioa bermatuz. Baina nahi duten herritarren eskura ere izango da, eskola ordutik kanpo. Halako beste aulki berezi bat erosi zuen Trauti elkarteak orain urte batzuk dela eta hura ere herritarrentzat eskuragarri dago. Erabilera errazteko asmoz tailer teoriko-praktikoa antolatu da biharko Natur Eskolan. Ibilki mendi-talde inklusiborako elkartearen sortzaile Cristian Rodriguezek emango du, 9:30etatik 13:00etara.
Hilaren 16tik 22ra berriz, Herribusa doan izango da, garraio publikoaren erabilera sustatze aldera. Oinezkoentzako espazioak ere egokituko dira; Zubikoa kiroldegi aurrealdea ibilgailuentzat 12 orduz itxita egongo da irailaren 16an, eta Aita Madina kalea, goizez, ordu erdiz, irailaren 16tik 22rako eskola egunetan. Zubikoa kiroldegi pareko errepidea trafikorako itxiko da datorren asteazkenean, irailaren 16an, goizeko 8etatik arratsaldeko 20:00ak arte; konkretuki, azoka ondoko biribilgunetik anbulatorio ondoko biribilgunera arteko tartea da motordun ibilgailuentzat itxiko dena. 12 ordu horietan oinezkoentzako ibilbide bihurtuko da eta Bidebarrieta aldera sartu nahi duten ibilgailuek Arantzazuko Ama kaletik barrena egin beharko dute. Era berean, eta Mugikortasun asteak irauten duen bitartean, 16tik 22ra, Aita Madina kalea goizero ordu erdiz itxiko da, 10:45etatik 11:15etara, institutuko ikasleek jolas eta jarduera bereziak egin ditzaten.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!