Oñatiko udala

Herri Eguneko bazkarirako txartelak astelehen eguerdian jarriko dira salgai

2026/09/11
Card image cap
Arrano, Izarraitz, Batzokia eta Ore Gozo kafetegian eskuratu ahal izango dira

  640 txartel jarriko dira Herri Eguneko bazkarirako salgai; 500 nagusien menuari dagozkio eta 140 haurrenei. Iazko menuak errepikatuko dira aurten ere: patea, itsaski piper beteak, penka beteak onddo saltsarekin, risottoa, saiheski errea, goxua edo sorbetea eta kafea eta kopa, helduentzat, eta makarroiak, oilaskoa, edateko yogurra eta ura eta freskagarriak, haurrentzat. Aukera begetarianoa, beganoa eta glutenik gabekoa ere eska daiteke baina kasu horretan Kultur etxean jakinarazi behar da, catering-eko arduradunei enkargua egiteko. Aguraingo Sarayola enpresa arduratuko da herri bazkaria prestatu eta zerbitzatzeaz, aurreko bi urteetan bezala.

  Astelehen eguerdian jarriko dira salgai Herri Eguneko bazkarirako txartelak herriko lau tabernetan; Arrano, Izarraitz, Batzokia eta San Lorentzoko Ore Gozon. Nagusien menurako txartelak 24 eurotan, haurrenak, 12 urtera arte, 12 eurotan. Guztira 640 txartel atera dira, Zubikoa kiroldegiko aforoa kontutan hartuta.

  Egun osoko jaieguna izaten da Herri Eguna, gehinontzat. Goizean goiz kalera irtenda, familiarekin edo lagunekin bazkaldu ohi da, elkarteetan, jatetxe eta tabernetan edo kiroldegian egiten den herri bazkarian. Aukera hau gainbeheran egon zen zenbait urtetan baina garrantzia berreskuratzen ari da, saldutako bazkari-txartel kopuruari eta salmentaren erritmo biziari erreparatuta, iaz, esaterako, hiruzpalau egunetan agortu ziren. Gogoratu, beraz, urriaren 3ko herri bazkarirako txartelak astelehenean, eguerdiko 12:00etatik aurrera, jarriko direla salgai.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!