Udal langileek bi orduko lanuztea egingo dute, lan hitzarmenaren alde
Oñatiko udal langileen asanbladak gehiengoz onartu zuen hitzarmenaren negoziazioa bultzatzeko mobilizazio berriak: 2 orduko lanuztea gaur, eta greba maiatzaren 14an eta ekainaren 4an. Lanuztea 11:00etatik 13:00etara egingo da eta ordu tarte horretan udal zerbitzuak eten egingo dira: Oñati irratiak ez du emanaldirik eskainiko eta Zubikoa kiroldegia eta Kultur Etxea itxi egingo dira, besteak beste.
2010etik iraungita dagoen hitzarmena negoziatzea eskatzen dute udal langileek; Udalhitzeko negoziazioa EUDELen ireki zen ia urte eta erdi dela, baina ez da aurrera pausurik egin, udalen elkargoak eduki eskasak jarri dituelako mahai gainean, langileen hitzetan. Hori dela eta, negoziazioa udal mailara eramaten saiatu dira sindikatuak, eta Oñatin ere hala egin dute. Udal arduradunen aldetik ordea, ez da negoziatzeko asmorik azaldu eta erreferentzia EUDEL dela erantzuten dute. Hori dela eta, astero 15 minutuko elkarretaratzeak egiten hasi ziren pasa otsailean eta mobilizazioak go-gortzea erabaki zen atzoko asanbladan, lan baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe urte asko daramatzatela argudiatuta.
Soldata igo eta urteetako murrizketek eta inflazioak eragindako galera berreskuratzea, 1.500 euroko gutxieneko soldataren azpitik jasotzen duen subkontratatutako langilerik ez egotea, zerbitzuak ez pribatizatzea, enplegua egonkortu eta behin-behinekotasuna murriztea eta feminizatutako sektoreetan langileen lan jarduna %100era jasotzea eskatzen da. Erretiro aurreratuak erraztu, lan-astea eta urteko jardunaldia murriztu, osasun arrisku fisikoak eta psikikoak saihesteko neurriak adostu eta lan hitzarmena eta baldintzak bertan erabakitzea eskatzen da, besteak beste. Izan ere, Madrilgo gobernuak kontratazio berriak edota soldata igotzeko legez jarritako mugak bete izan dira gurean, horiek baztertu eta bertako negoziaketa ahalmen eta mahaia berreskuratzea eskatzen dute udal langileek eta hauen ordezkari sindikalek.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!