Oñatiko udala

Segurtasuna lehenestea eskatuz elkarretaratzea egin dute Garay enpresa aurrealdean

2026/04/22
Card image cap
Arg: Goiena
Langile batek hatza galdu zuen lan istripuz, pasa den astean

  Lan istripu gehiagorik ez. Segurtasunean inbertsioa orain zioen pankartaren atzean bildu ziren atzo goizean, Hijos de Juan de Garayko langileak, enpresa batzordeak deituta. Langileen segurtasuna lehenestea eta enpresaren beste alor batzuk hobetzeko inbertsioak egiten diren bezala lan segurtasunean ere inbertitzea eskatzen dute, lan istripuak saihesteko. Izan ere, pasa den astean, langile batek eskuko hatza galdu zuen makina batean istripua izanda. Lehenago ere, makinekin beste intzidente batzuk izan direla edo orain aste gutxi, produktu kimiko batek sortutako intoxikazioa gertatu zela adierazi zuten komiteko ordezkariek.

  Ekoizpenaren eta segurtasunaren artean aukeratu gabe biak gauzatu behar direla diote langileen ordezkariek eta hala eskatzen ari direla une oro; makina zaharrak egokitzea eskatzen ari direla baina askotan segurtasun irizpiderik ez duten beste gauza batzuk lehenesten direla salatu zuten. Lan istripu bat gertatzen den aldi oro segurtasun neurriak areagotzea eskatzen den arren neurriak aurretik hartu behar direla adierazi dute.

  Hijos de Juan de Garay enpresan bada segurtasun komite bat, enpresako ordezkariek eta langileen batzordeko lan prebentzioko kideek osatzen dute. Hileko azken asteartetan biltzen da eta hala egingo du datorren astean ere. Atzo kalera atera zuten aldarrikapen eta salaketa batzarrera eramango dute, elkarretaratzera batu ziren langileek emandako indarrarekin, guztien eskaera irmoa dela erakutsi baitzuten, batzordeko ordezkarien hitzetan.

  Enpresa ordezkariek segurtasunaren gaian lanean ari direla esaten diete batzordeko kideei baina daramaten erritmoa geldoa dela eta segurtasuna lehenesten duten neurriak berehalakoan hartu behar direla azpimarratu dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!