Udal hilerriaren erregimen eta funtzionamendurako erregelamendua behin betikoz onartu eta argitaratu da
Apirileko Osoko Bilkuran onartu zen hasierako izaeraz udal hilerriaren erregimen eta funtzionamendurako erregelamendua eta alegazio eta erreklamazioetarako epea ireki zen. Halakorik jaso ez zenez, automatikoki onartu da, behin betiko izaeraz eta halaxe argitaratu da gaurko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Erregelamendua osorik argitaratu da.
Atalka banatuta dagoen erregelamenduan, xedapen orokorrak; hilobiratzeak, desobiratzeak eta lekualdaketak; ehorzketa eskubideak; hilobien emakida epeak eta xedapen iragankorrak zerrendatu dira.
Udal hilerriaren ordutegia 8:00etatik 20:00etara dela eta ehorzketak ohiko ordutegi horren barruan egingo direla zehazten da dokumentuan, igande eta jaiegunetan ehorzketarik ez dela egingo erantsita. Udalaren ardurakoak dira erabilera amankomuneko zonak zaindu, garbitu eta girotzea eta bertako langileak izendatzea. Era berean, udalari dagokio hilobiratze eta hobitik ateratzeko eskubideak aitortzea eta osasun eta garbitasun neurriak betearaztea, besteak beste.
Ehorzketa eskubideen atalean ordaindu beharreko tasak, eskubide eskualdaketak eta eskubide galtze eta iraungipenak ere zehazten dira. Alde horretatik, aldi baterako emakida epeen zehaztapena ere egiten da eta panteoiena 75 urte eta nitxo nahiz kolunbarioena 10 urtekoa dela aipatzen da. Epe horiek luzatu egin daitezke baina epea beteta luzatzeko asmorik ez bada, gorpuzkinak hezurtegi komunera eramango direla ere jasotzen du hilerriaren funtzionamendurako arautegi berrituak. Udal hilerriaren erregimen eta funtzionamendurako erregelamendua argitaratzearekin batera ireki da iraungita dauden emakidak berritzeko 24 hilabeteko epea. Bi ureko tarte hori gaur bertan hasi da kontatzen.
Gipuzkoako aldizkarian gaur argitaratu den arautegia hilerriaren deskripzioa eginez hasten da eta hala zehazten da kanposantua epe ezberdinetan egokitu diren hiru eremuk osatzen dutela. Zaharrena 1875ean eraiki zen eta bertan kokatzen dira panteoi tradizionala eta hilerriko kapera. 1967an, lehengo luzapena egin zen alde zaharraren eskuinaldean eta hilotz biltegia eta hilerriko zerbitzu gelak ere gune honetan kokatzen dira. Azkenik, bigarren luzapena alde zaharraren ezkerraldera egiten joan zen 1977an, 1983an eta 1993an. Bertan daude 5 nitxodun panteoiak, berdegunearen kanpoko itxitura eta sarrera lurpeko korridoreetatik dutenak, eta baita errauts kutxatilak gordetzeko kolunbarioa ere.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!