Udal Euskaltegiko bi irakasle plaza betetzeko azterketaldia martxan da
Ostiralean egin zen lehen azterketa teorikoa. Gai orokor eta espezifikoei buruzko azterketa teorikoa izan zen, test erakoa. 21 lagunek eman zuten izena euskaltegiko irakasle plazen hautaketa prozesurako baina 11 bakarrik aurkeztu ziren azterketara eta guztiek gainditu dute. Behin behineko emaitzak ostiral arratsaldean argitaratu ziren erreklamazioetarako 5 baliodun eguneko epea irekiz. Ostirala da erreklamazioak aurkezteko azken eguna.
Hurrengo probarako eguna ere finkatu du epaimahaiak, urriaren 16an izango da, Eltzian. Dena den, hautagai bakoitzari ordu jakin bat jarriko zaio eta zehaztapen horiek astelehenean argitaratuko dira.
2023ko Enplegu Publikoaren Eskaintzan jaso ziren euskaltegiko bi irakasle plaza hauek. Hautaketa prozesurako deialdia iazko irailaren 29an argitaratu zen eta azterketaldia, berriz, ia urtebete beranduago, aurtengo irailaren 11an abiatu da. Oposizio prozesuan hiru ariketa gainditu beharko dira, eskatutako 4. hizkuntz eskakizunaren maila hautagai guztiek agiri bidez egiaztatu baitute. Lehiaketa fasean, lanbide esperientzia eta titulu akademiko ofizialak baloratuko dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!