Oñatiko udala

Udal eraikinen mantenu arduradun plazarako onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak argitaratu dira

2026/07/06
Card image cap
Azterketa teorikoa uztailaren 16an egingo da

  10 lagun aurkeztu ziren Udalak bete nahi duen eraikinen mantenu arduradun plazara eta onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda berriki argitaratu da. Hautaketa prozesura 9 lagun onartu dira, beste bat kanpoan utzi da, azterketa eskubiderako tasa epez kanpo ordaintzeagatik. Lanposturako eskatu zen 3. hizkuntza eskakizuna agiri bidez egiaztatu den ala ez zehaztu da baita ere onartutakoen zerrendan; 6 hautagaik dagokien egiaztagiria badute. 

  Bestalde, mantenu arduradun plaza betetzeko oposizioari hasiera emango dion azterketa teorikoaren data argitaratu du Udalak: uztailaren 16an izango da, 9:00etan, Eltzia eraikineko hirugarren solairuan. Hautagaiek hiruzpalau ariketa gainditu beharko dituzte oposizio fasean: azterketa teorikoa, praktikoa eta gaitasun eta nortasun probak, eta euskara maila agiri bidez egiaztatu ez dutenek, euskarari dagokiona ere bai. Lehiaketa fasean, berriz, lan esperientzia eta prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak baloratuko dira.

  Orain kasik urtebete deitu zuen Udalak, 2024ko enplegu publikoaren eskaintzan jaso zuen plaza hau. Onartuen behin behineko zerrenda eta epaimahaiaren izendapena iazko azaroan argitaratu zen eta ordutik prozesua geldirik egon da. Orain martxan jarri da, berriro.

  Udal eraikin eta lokalen mantentze prebentibo eta zuzentzaileko lanak antolatu eta kontrolatzea izango da langile berriaren zeregin nagusia; egin beharreko mantentze lanen planifikazioa zehaztu, jarduketak prestatu, beharrezko materialak eskatzeaz arduratu, lan parteak idatzi eta, beharrezkoa denean, larrialdiei erantzun beharko die, besteak beste. Horretarako, bere ardurapean dituen langileen lanak antolatu, kontrolatu eta gainbegiratu beharko ditu, unitateari buruzko mantentze-kontratuen preskripzio teknikoen agiriak egiten lagundu beharko du eta unitateari buruzko erreklamazioei, ondare-kalteei, azpiegitura edo instalazioetan egindako hobekuntzei eta erosketa berriei buruzko txostenak osatu beharko ditu. Gainera, askotariko lanbideetako eginkizunak bete, eta erabilitako material eta tresnen antolamendu eta erabilera egokiaz arduratu beharko du, erosteko proposamenak egitearekin batera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!