Oñatiko udala

Udal artxiboko 611 beirazko plaka negatibo digitalizatzen ari dira.

2014/02/18
Card image cap
Lana aste honetan amaitzea espero da eta berehala, irudiak, udaleko argazki zaharren bilduman kargatuko dira.

  Digitalizatzera eraman ziren kristalezko plaka horiek XX. mende hasierakoak dira. Garai hartako eguneroko bizimodua nahiz gertakari garrantzitsuak islatzen dituzten argazkiak dira asko eta asko. Hala, 1918ko Eusko Ikaskuntzaren Kongresuko hainbat irudi ikusi daitezke baina baita garako hainbat baserri ere bai. Ez dago garbi argazkien egilea edo egileak nortzuk izan ziren baina Oñati eta beste hainbat herritan ateratako argazkiak dira orain formatu digitalera moldatzen ari direnak.

  Antzerako lana egin zen orain urtebete inguru kristalezko plakatan zeuden beste 551negatibo digitalizatuz. Fondo hori, “Oñatiko argazki zaharrak” izeneko bilduma batean jaso ziren eta orain digitalizatzen ari diren hauek ere bilduma berean aurkeztuko dira.

  Euskomedia Fundazioa ari da aipatu plaken digitalizazio lana egiten eta aste honetan bertan amaitzea espero da. Jatorrizko plakak eta irudi digitalizatuak udaletxera bueltatu bezain pronto, artxiboan argazkiak ikusteko propio egokitu zen ordenagailuan kargatuko dira herritarren eskura jarriz.

  Gogoratu, urte hasieran, udaletxeko ganbaran udal artxiboan gordetzen diren 30.000en bat argazki biltzen dituen kontsulta postua egokitu zela. Bertan, besteak beste, XX. mende hasierako irudi bilduma, Lizaur arkitektoarena, Antia jauregikoa eta Socorroko markesaren fondotakoak ez ezik, “Oñatiko Historia eta Arte Bilduma” libururako ateratakoak, edo Jesus Mari Arzuaga eta Andrés Arlanzón zenak Udalaren esku utzitako argazki funtsak ikusi daitezkeela. Egun gutxi barru, orain digitalizatzen ari diren beste 611 irudi horiek ere bai.

Digitalizatze lan horren truke, Euskomedia Fundazioak 1.800 euro jasoko ditu.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!