Udako oporren aurreko azken Osoko Bilkura egingo da arratsaldean

2021/07/22
Card image cap
Munazategiko biribilguneak Garibaira izango duen lotura adarra eraikitzeko hartuko diren ondasunen balorazioaren berri emango da, besteak beste

  Desjabetu eta aldi baterako okupatu beharreko lurrak identifikatuta, desjabetze balorazioa egitea erabaki zuen Udalak eta Mugak Topografia eta Balorazioak enpresara jo zuen. Honek helarazitako balorazioa lurjabeei azaldu zitzaien, pasa den astean egin zen bileran. Lurjabeak proposatutakoaren ados agertu ziren eta halaxe jakinaraziko da arratsaldean egingo den Osoko Bilkuran, udalbatzak gastua onartu eta ordaintzeko erabakia hartu dezan. Bide batez, Munazategiko biribilgune hori egin ahal izateko Hirigintzako Arau Orokorren aldaketa puntuala behin behinean onartzea ere eskatuko da arratsaldeko bileran.

  Ekaineko Osoko Bilkuran udal hilerrian kolunbarioak eskaintzeko ordenantza fiskalen aldaketa behin behinean onartu zen baina aldaketa horretan jaso zen akats bat zuzentzea proposatuko da gaur. Kolunbarioen emakida kuota 150 eurotan jaso da ordenantza fiskaletan, baina urteko kuota gisa azaltzen zen jatorrizko testuan eta hori ez da zuzena, 10 urtetarako emakidaren kuota baitira 150 euroak. Zuzenketa horren berri emango da gaurko bileran.

  Oñatiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana onartzeko proposamena, eta Berdintasuna batzordearen eskutik baita ere, Selma Huxley Barkham ikerketa bekaren aurtengo deialdia eman gabe, bertan behera uztea proposatuko da arratsaldean. Izan ere, beka hori jasotzeko eskaerarik ez baita aurkeztu hartarako epe barruan.

  Etxebizitza kontuak ere mahai gainera aterako dira: udalaren jabetzapekoak diren 7 etxebizitza gehiago ALOKABIDE sozietate publikoaren bidez alokatu ahal izateko erakundearekin udalak duen hitzarmena berritzeko proposamena azalduko da.

  18.30tan hasiko da, ohikoa denez, Osoko Bilkura. Ohikoa baino astebete lehenago, berez, hileko azken osteguna uztailaren 29a delako, baina udako oporrak badatozela eta, astebetez aurreratu da, esan bezala.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!