Oñatiko udala

Udaberri-udako Azken Txanpa azoka egingo da bihar eta etzi

2025/09/04
Card image cap
Musika eskolako bi talde arituko dira kaleak girotzen, larunbat goizean

  Txanda dendarien elkarteak antolatuta Azken Txanpa outlet azoka egingo da asteburuan, ostiral eta larunbatean. Elkarteko 14 dendek parte hartuko dutela jakinarazi dute baina besteren bat animatu daiteke azken orduan, aparteko prestaketa edo apaingarririk ez baitu eskatzen ekimenak. Dendari gehienak hasi dira denboraldi berriko generoa jaso eta lokaletan eskaintzen eta berezituta dituzte udaberri-udako denboraldiko azken produktuak. Horiek, denda atarietan jarriko dira bihar eta etzi, bezeroek deskontu eta eskaintza bereziez gozatzeko aukera izan dezaten. Emakume, gizon eta haur moda, lentzeria, mertzeria, osagarri, oinetako, etxeko apaingarri eta bestelako salgaiak jarriko dira.

  Bezero eta dendarien segurtasuna bermatzeko Kale Barria eta Kale Zaharra itxita mantenduko dira bi egunetan, ondorioz, zamaketa lanetarako ibilgailuak inguruko beste kale batzuetan utzi beharko dira bihar eta etzi goizean. Erdigunetik urrun dauden zenbait dendetako produktuak Kale Barria aldera eramateko ohitura dago baina gehienek, lokal atarietara aterako dituzte. Horrek esanahi du Azken Txanpako eskaintzak Kale Barria eta Kale Zaharrean ez ezik, Bidebarrietan, Etxaluzen, Lazarraga kalean eta San Lorentzon ere topatuko direla. Gune horiek lotuz, eta kaleak girotuz, musika eskolako bi ikasle taldek kalejira egingo dute larunbat goizean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!