Herriko gune ezberdinei eragingo dieten hiru argi-mozketa iragarri ditu Oñargik datozen bi astetarako
Abuztuan ez du herri osoko argi mozketa orokorrik egingo, baina bai berritze eta mantentze lan txikiak egiteko mozketa puntualak; luzeena, uztailaren 28tik 30era izango da eta beste bi motzagoak, abuztuaren 3an eta 4an.
Datorren astean, asteartetik ostegunera, 2 zutoin elektriko ordezkatuko dira eta lau eraikinetako argindarra bi egun eta erdiz moztuko da. Miruerreka baserria eta presa eta Lamiategi eta Olateko zentralak argindarrik gabe geratuko dira, uztailaren 28ko 8:30etatik uztailaren 30eko 18:00ak arte. Laburragoak izango dira abuztuaren 3an eta 4an egingo diren argi etenak baina eraikin gehiagori eragingo diete. Bi kasuetan mantentze lanak egingo dira erdi tentsioko lineatan.
Abuztuaren 3an, astelehenean, Bustinzuloko subestazioa eta CTM Urtxipi arteko erdi tentsioko linearen mantentze lanak egingo dira. Ondorioz, argindarra bost orduz moztuko da, 8:00etatik 13:00etara eta Berezao auzoan 26tik 42ra arteko zenbakiak dituzten eraikinei eta Berezao industrialdeko argiteriari, Lezesarri auzoko 10 (Azkoagain futbol zelaia), 11, 12, 13, 14, 15, 17, 18, 20, 21, 22, 25, 26, 27 eta 34 zenbakidunei eta Murgia auzoko 1, 2 eta 3 zenbakidunei eragingo die.
Azkenik, abuztuaren 4an, asteartean, CTM Urtxipi eta CT OlabarrietaI arteko erdi tentsioko linearen mantentze lanak egingo dira eta Olabartako hainbat eraikin argindarrik gabe egongo dira, 9:00etatik 12:00etara. Konkretuki, Olabarrieta auzoko 44, 46, 62, 63, 64, 65, 66, 68, 71, 73, 74, 75, 76, 78, 79, 80, 90 (ur depositua) eta 93. Baita bidegorriko argiteria ere.
Hurrengo bi astetan egingo diren argindar mozketa hauen jakinarazpen oharrak dagokien eraikinetan jarriko dira datozen egunotan. Aparatu elektronikoak deskonektatzea gomendatzen da. Oñargik erdi tentsioko instalazioen mantentze lanak egiten jarraitzen du, hornidura sarea hobetu eta ustekabeko matxura edo argindar mozketak saihesteko helburuz. Aurten ez da abuztuko argi mozketa orokorrik egingo, baina bai hiru mozketa partzial.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!