Txistuaren transmisioa bermatzeko hitzarmena sinatuko du Udalak musika eskolarekin

2023/02/27
Card image cap
Lau urtetarako hitzarmena, beste lau urtez luzatu daiteke

  Osteguneko Osoko Bilkuran aho batez onartu zen txistuaren transmisioa bermatzeko hitzarmena sinatzea Udala eta Jose de Azpiazu musika eskolaren artean. Euskal instrumentu tradizionala bizirik mantendu eta transmisioa ziurtatzea da sinatuko den hitzarmenaren helburu nagusia. Ez bakarrik txistuaren irakaskuntza bermatuz, baita ere txistuaren presentzia bultzatuz herriko taldeekin batera antolatzen diren ekitaldietan.

  Kultura batzordeak txistulari taldearekin izandako bileren emaitza da aipatu lankidetza hitzarmena. Txistuak Oñatin izan duen garrantzia kontutan hartuta, protokolo ekitaldi publiko ia denetan txistua ezinbesteko elementua izan baita, etorkizunean ere oso gurea dugun musika tresna honen presentzia ziurtatu nahi da Txistuaren transmisioa, euskal instrumentu tradizionala” proiektua diruz babestuta.

  Hitzarmena Jose de Azpiazu musika eskolarekin egingo du Udalak. Lau urtetarako hitzarmena izango da eta beste lau urtez luzatu daiteke. 2023an 29.280 euro bideratuko dira proiektura. Hitzarmena sinatzea orain erabaki bada ere, 2022ko urtarrilaren 1etik aurreragoko indarraldia du eta, ondorioz, iazko urteari dagokion laguntza orain ordainduko du Udalak, aurtengoaren % 60arekin batera. Gainontzeko %40a urteko jarduera txostena aurkeztu ondoren ordainduko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!