Oñatiko udala

Txistuaren transmisioa bermatzeko hitzarmena berritu dute Udalak eta Jose de Azpiazu musika eskolak

2026/04/15
Card image cap
Lau urtetarako hitzarmena sinatzea onartu zuen Osoko Bilkurak

  2023an onartu zen lehen aldiz txistuaren transmisioa bermatzeko hitzarmena sinatzea Udala eta Jose de Azpiazu musika eskolaren artean. Lehen hitzarmen horren iraunaldia beteta, berritzea erabaki da eta beste lau urteetarako, 2026-2029 urteetarako indarraldia izango du. Euskal instrumentu tradizionala bizirik mantendu eta transmisioa ziurtatzea da hitzarmenaren helburu nagusia. Ez bakarrik txistuaren irakaskuntza bermatuz, baita ere txistuaren presentzia bultzatuz herriko taldeekin batera antolatzen diren ekitaldietan.

  Kultura batzordeak txistulari taldearekin izandako bileren emaitza da aipatu lankidetza hitzarmena. Txistuak Oñatin izan duen garrantzia kontutan hartuta, protokolo ekitaldi publiko ia denetan txistua ezinbesteko elementua izan baita, etorkizunean ere oso gurea dugun musika tresna honen presentzia ziurtatu nahi da Txistuaren transmisioa proiektua diruz babestuta.

  Hitzarmena Jose de Azpiazu musika eskolarekin egingo du Udalak. Hitzarmenaren babesean urtero 29.280 euro bideratuko dira proiektura. Aurtengo dirulaguntzari argi berdea eman dio udalbatzak eta datozen hiru urteetan betetzeko kreditu konpromisoa ere hartu da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!