Txinan da Oñatiko alkatea, herrialdeko industria ehuna ezagutu eta ordezkari zein eragileekin batzartzen

Gobernantzarako modu berriez hausnartzeko antolatu den mahai-inguruan parte hartu du Izaro Elorza alkateak Txinan, Oñatiko eta Debagoieneko esperientziak azalduz. Bihar arte, apirilaren 30era arte izango da bertan, besteak beste, hainbat teknologia zentro bisitatu eta Txinako zenbait ordezkarirekin bilerak eginez. Catedra Chinak gonbidatuta joan da Oñatiko alkatea Txinara, estatuko beste zenbait alderditako tokiko ordezkariekin batera. EH Bilduren ordezkaritza Oñati eta Tafallako alkateek osatzen dute.
Izaro Elorzak gobernantzarako modu berriez jarduteko mahai-inguruan parte hartu zuen ostiralean, Oñati eta Debagoieneko esperientziak azalduz. Etorkizuneko erronkek gobernantza moduak aldatu beharra dakartela eta, herritarren parte hartzeaz edota ekintza komunitarioaz aritu zen Elorza Txinan; Oñatiko esperientziatik abiatuta, adibide konkretuak azaldu zituen, hara nola, Oñatiko partaidetza ordenantzan zehazten den herritarren parte-hartzea, lankidetza publiko-soziala, gardentasun instituzionala edo sortzen ari diren udal mailako parte-hartze organoei buruzko argibideak eman zituen; eta lankidetza publiko-komunitarioa oinarri duen Debagoiena 2030 iraunkortasun sareaz, Debagoienaz edo kooperatibagintzaz ere berba egin zuen.
Era berean, askotariko hitzorduak betetzen ari dira, Txinarentzako estrategiko diren hainbat teknologia zentro eta auto elektrikoen lantegi ezagutzen; eta herrialdeko zenbait ordezkari politikorekin batzartuz.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!