Tximista batek unibertsitatea jo zuenik ez dago argi

Ostiral gaueko ekaitzak tximista ugari eragin zituen. Horietako baten ondorioz, Sancti Spiritus unibertsitatearen pilastroietako baten gainaldeko irudia apurtu eta jausi zen. Tximista batek eraikina jo zuela esan zen hasieran baina ez dago hain argi; inguruan lehertutako tximistaren batek eragindako ikaraz jausi zitekeela pentsatzen da, eraikina hondatuta dago eta zenbait elementu nahikoa ezegonkor daudenaren susmoa baitago.
Suhiltzaileak izan ziren istripu lekua ikuskatzen lehenak eta teilatuan, jausteko zorian geratu ziren beste harri zati batzuk erretiratu zituzten. Larunbatean, Foru Aldundiko teknikoak etorri eta kalteen lehen ebaluazio azkarra egin zuten; apurtutako elementuaren inguruak estaltzea gomendatu zuten, euria sartzea saihestu eta azpialdean dagoen egurrezko sabai apaindua babesteko. Ondare eta arkitektura arloko aditu gehiago egon dira unibertsitateko kalteak ikusten, goizean. Ondoren eman beharreko pausoak zehazten egon dira.
Sancti Spiritus unibertsitateko zaharberritze lanak urtea amaitu baino lehen egiten hastea aurreikusita zegoen. Une honetan, lanen proiektuaren idazketa martxan da eta horien baitan jaso beharko dira ostiralean gertatutako kalteak ere. Proiektua idazten ari diren teknikoen bisita espero da astean. Apurtutako figura eta elementuarekin zer egin ere erabaki beharko da. Aukera batzuk aipatu ei dira teknikarien gaurko bisitan: irudiaren erreplika bat jarri daiteke, jausitakoa ordezkatuz, eta jaso diren zatiak itsatsiz jatorrizkoa berreskuratzen saiatu, unibertsitateko leku seguruan ikusgai jartzeko.
Ez da lehen aldia Sancti Spiritus unibertsitateko elementu apaingarri bat jausten dela, orain hiru urte, 2022ko abuztuan, sarrera gaineko hainbat harrizko elementu jausi ziren. Ostiralean jausi zen pilastroi gaineko irudia handiagoa zen eta zorionez ez zuen inor azpian harrapatu.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!