Oñatiko udala

Txantxiku ikastolaren astea ospatzen ari dira

2026/04/14
Card image cap
Larunbatean Debagoienako eskola publikoen II. jaia izango da Eskoriatzan

  Oporren bueltan ospakizun bereziak dituzte herriko bi ikastetxetan: Txantxiku ikastolan eta Urgain herri eskolan. Txantxiku ikastolaren astea ospatzen ari dira, atzoz geroztik, eta domekara bitartean ekintza ezberdinak egingo dira, bai ikasle, ikasle ohi, irakasle, guraso zein herritarrentzat. Ikastolan bertan, maila ezberdinetako ikasleen arteko harremanak sendotuz, ipuin kontaketak, jolasak eta jaialdiak izango dituzte. Belaunaldien arteko ezagutza erraztuz batxilergoko hainbat ikaslek San Martin egoitzara bisita egin dute gaur goizean. Hitzaldiak eta aurkezpenak ere izango dituzte eta atzo, esaterako, bigarren hezkuntzako ikasleek lehen hezkuntzakoak hartu zituzten DBHra sartu aurreko kezkak eta zalantzak argituz.

  Guraso eta familiei zuzendutako ikuskizunak erre izango dira: ostegunean LH6koen txotxongilo emanaldia eta ostiralean ikastolako jaialdia. Ostiralean ospatuko da Ikastolaren Eguna eta goizean goizetik ekintza bereziak izango dira ikasle guztientzat. Bigarren hezkuntzakoek bazkaria eta jolasak egingo dituzte eta arratsaldean jolas parkea jarriko da Santa Ana guneko jolaslekuan. Jolas parkea herritar guztientzat irekiko da, 16:30etatik 18:00tara eta larunbatean ere bai, 11:00etatik aurrera. Ordu horretarako plazan, puzgarriak, tailerrak eta elkartasun ekintzak iragartzen dira. Larunbatarekin baita ere, 0-2 urteko espazioko ateak irekiko dira edonork ezagutu dezan. Larunbat eguerdi-arratsaldean bestelako ekitaldiak programatu dira, ikasolako komunitate osoari irekita: paella jana egingo da, bazkal-ostean trikitilariak eta jolasak eta 18:00ak inguruan, trikipoteoa. Ikastolaren asteari amaiera emateko, domekan orientazio proba egingo da.

  Urgain herri eskolan ere larunbata berezia izango da, Debagoienako eskola publikoaren II. jaia ospatuko baita Eskoriatzan. Eskualdeko ikastetxe publikoak batzen dituen Goieskolak 25. urteurrena du eta Eskoriatzako Luis Ezeiza eskolak, 55.a. Ospakizuna 10:30etan hasiko da plazan, guztiei ongi-etorria emanez. Leku berean, lanbide heziketako eskualdeko zentro publikoek bere eskaintzaren berri emango dute. 12:30etan Potx eta Lotx pailazoen emanaldia izango da eta bestelako jolas, tailer eta erakustaldiak izango dira Eskoriatzako gune ezberdinetan. Bazkal-osterako kontzertuak antolatu dira: Alarma morea, Babesgabe, AD/49 eta Perlata taldeen emanaldiak iragarri dira. Eskoriatzara joan-etorria egiteko autobus zerbitzu publikoa erabiltzea eskatzen da eta Oñatitik, bizikletaz joateko gonbidapena ere zabaldu da. Aurten 25. urteurrena betetzen duen Goieskolak Debagoienako 15 ikastetxe publikoak batzen ditu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!