Oñatiko udala

Txantxiku ikastolako Bigarren Hezkuntzako eraikin berritua inauguratu da

2022/12/13
Card image cap
Bi hilabeteko errekor epean eraberritu da, espazioa metodologia berrira egokituz

  Beharrezkoa zen ikastolako bigarren hezkuntzako eraikina berritzea, zaharkituta zegoelako eta erreteila lehenbailehen egin behar zelako. Lege aldetik ere, emergentzietarako irteerak, eskailerak … egokitu behar ziren eta lehen hezkuntzatik zetorren ikasle kopurua hartzeko gela eta areto gehiago behar ziren. Ikasle berri horiek konfiantzaren pedagogiaren arabera hezten ari dira eta metodologiak berak espazioen birmoldaketa eskatzen zuen, espazio zabalak, argiak eta malguak.

  Lanak udako oporretan, errekor denboran, bi hilabetetan, egin dira. Eraikina irailetik erabiltzen ari dira baina inaugurazio ofiziala atzo egin zen ikastolako komunitateko ordezkariak, udal ordezkariak eta beste hainbat ikastoletako lagunak bertan zeudela. Protokolo ekitaldiaren ondoren bisita gidatua egin zen, instalazio berrituak erakusteko, eta hala egingo da baita ere, familiei zuzenduta, datozen egunetan.

  Txantxiku ikastolak 55. urteurrena betetzen du 2022-2023 ikasturte honetan. 50.ak Kilometroak jaia antolatu zen urtearekin bat egin zuen eta urrezko ezteien ospakizun berezirik ez zen egin. Horregatik, ikasturte honetan 55.a ospatzea erabaki da eta hilero ekintzak izango dira.

  Eta horiekin batera etorriko dira Beskoitzeko ikastolako komunitatearekin harremanak estutzeko ekintzak. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako departamenduak antolatutako Ideiak 2022 egitasmoaren baitan saritu egin zen Oñati eta Beskoitzeko ikastolek aurkeztutako proiektua. Bi ikastolen arteko harremanak sakonduko dira joan-etorriko egonaldiekin. Beskoitzeko ikastolako familiak apirilean etorriko dira Oñatira, Ikastolaren Astean, eta natura, kultura eta kirol ekintzak egingo dituzte. Baina nagusiki, giro guztiz euskaldun batean murgiltzeko bizipena izango dute, Beskoitzen zaila baita. Oñatiarrak berriz, ekaina inguruan joango dira Beskoitzera, bisita itzuliz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!