Oñatiko udala

Txantxiku Ikastolak eta Oñatiko Institutuak lehen eta bigarren sariak eskuratu dituzte Gipuzkoako Hormigoi-Lehiaketa Mundialean

2025/05/29
Card image cap
Gipuzkoako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialak antolatu du lehiaketa

  Erresistentzia handiena duen hormigoi lagina lortzean zetzan Gipuzkoako Hormigoi Lehiaketa. Lurraldeko 20 ikastetxetako 300nen bat ikaslek hartu dute parte lehiaketan, eraikuntzaren alorrean modu sortzaile eta praktikoan murgilduta. Arkitektura teknikoa ezagutarazi eta ikasleen artean bokazioa piztea izan da lehiaketaren helburua, arkitekto teknikoen eskasia irauli asmoz.

  Ikasleek hormigoi laginak sortu zituzten zementua, hondarra, legarra eta ura erabiliz eta GIKESA laborategian egiaztatu da laginen erresistentzia. Txantxiku ikastolako DBH4. mailako taldeak bidalitakoa izan da erresistentzia handienekoa, 13,6 N/mm2 neurria emanez, Oñati institutukoenak 13, 5 eman du eta Lazkaoko San Benito ikastolakoenak 13, 4 N/mm2, ondorioz, lehen, bigarren eta hirugarren sariak eskuratu dituzte, hurrenez hurren.

  Lehiaketa Nafarroako Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialak jarri zuen martxan iaz,eta aurten, 11 probintziatan egin dira Hormigoi-Lehiaketa Mundialak. Irabazleen artean Espainiako txapelketa jokatuko da datozen asteetan; hor egongo dira oñatiarrak ere.

  Arkitektura teknikoaren lanbidea modu ludikoan zabaltzeko eta ikasleen sormena sustatzeko, lehiaketak kategoria berezi bat izan du: sormen-saria. Kategoria honetara bideo eta argazkiak aurkeztu dituzte, arkitektura teknikoari edo hormigoiaren ekoizpenari buruzkoak. Lehiaketa ez da oraindik ebatzi, puntuak epaimahaiak eta TikTok sare sozialeko erabiltzaileek eman behar dituztelako. Bigarren hau martxan dago oraindik, bihar arte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!