Oñatiko udala

Boluntarioak behar dira Elikagaien Bankuaren bilketarako

2026/11/04
Card image cap
Azaroaren 13 eta 14an egingo da udazkeneko bilketa handia, herriko sei janari dendetan

  Urteko bigarren bilketa handia egingo du Gipuzkoako Elikagaien Bankuak, datorren asteko ostiralean eta larunbatean. Boluntarioen antolakuntzan aldaketak izango dira gurean: laguntzeko prest dauden herritarrei Bergarako biltegiarekin harremanetan jartzea eskatzen zaie, nahiz eta, bilketaren koordinazioa Oñatitik egingo duen ACESMA elkarteko Ibis Rodriguezek. Oñatiko sei janari dendek bat egin dute udazkeneko kanpainarekin eta bostetan boluntarioak beharko dira.

  Azaroaren 13an eta 14an elikagaiak utzi eta janari-bonoak eskuratzeko aukera jarriko da herritarren eskura. Oñatiko bost janari dendetan produktuak utzi ahal izango dira: Arantzazu Ama kaleko eta Errekaldeko Eroski dendetan, San Migel kooperatiban, Olakuako BMn eta Errekaldeko dendan. Guztietan boluntarioak behar dira, laguntzaileen presentziak jasotzen den kantitatean eragiten duela baitakite antolatzaileek. Eroskin, Kooperatiban eta BMn bonoak ere jarriko dira eskuragarri, eta berdin egingo da Bidebarrietako DIA dendan.

  Datorren ostiralean edo larunbatean bi orduko txandak betetzeko 100nen bat boluntario behar dira. Denda batzuetan elikagaiak jaso ez ezik janari bonoak jarriko dira bezeroen eskura, esan bezala, baina azalpenak, sartu orduko emango dituzte boluntarioek. Hauek arduratuko dira baita ere herritarrek emandako elikagaiak jaso eta sailkatzen. Laguntzeko prest dauden herritarrei Bergarako elikagaien bankura deitzea eskatzen zaie, honako telefono zenbakira: 943 76 21 90. Dei berezia egin nahi zaie ikastetxe eta lantegiei, beraien boluntario taldeak osatu ditzaten. Bilketaren koordinazioa, berriz, Oñatitik egingo da, esan bezala, eta bertatik azalduko zaie boluntarioei zein lan egin behar duten eta lagundu dezaketen egun eta ordu tarteen arabera txandak betetzen joango dira.

  Gipuzkoan 15.500 onuradun ditu egun Elikagaien Bankuak, iaz baino 1500 lagun gutxiago. Eta helburua ere hori da, janari beharra dutenen kopurua murrizten joatea. Oñatin, 211 onuradun daude, eta hemen ere %25 gutxitu da laguntza jasotzen dutenen kopurua, enplegua eta onuradunen egoera ekonomikoa hobetu delako. Dena den, baldintzak oso aldakorrak dira eta beharra beti dagoela gogorarazten digute Gipuzkoako Elikagaien Bankutik eta laguntzeko aukera izango dugu datorren astean, hilaren 13 eta 14an, boluntario izanda edota gure ekarpena eginda.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!