Oñatiko udala

I.Sokaz Soka Gazte Topaketa egingo da larunbatean Eltzian, Aequus Ensemblek antolatuta

2026/11/04
Card image cap
Euskadi osoko 50en bat ikaslek hartuko dute parte

  Hari-instrumentuak jotzen dituzten gazteei zuzendutako jardunaldia da, Sokaz soka. Helburua garbia da, gazteei orkestra batean jotzeko aukera eskaintzea, musikari profesionalekin batera lan eginez eta beste musikari gazte batzuekin esperientziak partekatuz.

  Deialdia Debagoiena eta inguruko musika eskoletara zabaldu zen eta harrera ona izan duela adierazi dute antolatzaileek; Euskadiko txoko ezberdinetatik etorritako 50en bat ikasle elkartuko dira larunbatean. Lehen urtea izateko, eta hobetzeko asko dagoela jakitun, antolatzaileak oso pozik daude jasotako erantzunarekin.

  Topaketa Eltzian egingo da goizeko 10:00etan hasi eta iluntzeko 20:00ak arte, gutxi gora behera. Goizean ikasleek instrumentuen araberako taldeetan lan egingo dute Aequus Orkestrako irakasle eta musikariekin, eta arratsaldean, Aitor Biainen zuzendaritzapean, entsegu bateratuak egingo dituzte. Guztiak batera bazkalduko dute eta 19:00etan kontzertua eskainiko dugu Eltziako areto nagusian. Kontzertuak bi zati izango ditu, lehenengoan, Aequus Ensemblek bere errepertorioko hainbat obra interpretatuko ditu, besteak beste, Johann Sebastian Bach, Jean Sibelius eta zinema zein telebistako musikarekin lotutako piezak. Bigarren zatian, berriz, topaketan parte hartu duten gazteak Aequus Ensembleko musikariekin batera igoko dira oholtzara. Elkarrekin Te Deum, Ode to Joy, Bella Ciao eta Libertango obrak interpretatuko dituzte. Lekua mugatua da eta sarrera gutxi batzuk eskuragarri daude www.oñati.eus atarian.

  Gazteek 10 euroko matrikula ordaindu behar izan dute eta trukean musika klasikora esperientzia ludiko baten bidez hurbildu eta Aequus Orkestrako musikari profesionalekin lan egiteko aukera dute, besteak beste, eta kamiseta eta poltsa bana ere eskuratuko dute opari.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!