Mugatu eta digitalizatu diren azken lursailetako liburuxkak azaroan 9an eta 10ean banatuko dira Santa Ana aretoan
2024an ekin zion Udalak landa eremuko lursailen mugaketa digitalki jasotzeari. Aurten 13. eta 14. poligonoetako lursailena egin da. Dokumentazioa datorren astean, astelehen eta astearte bitartean emango zaie jabeei. Olabarrieta auzoko lursailak hartzen dituzte13 eta 14. poligonoek; ia 500 Ha-ko gunea da eta 434 lursail edo partzela biltzen dituzte. Horien jabeak 100 inguru dira eta erdi eta erdi deitu dira, azaroaren 9an eta 10ean dokumentazio bila pasa daitezen.
Geograma enpresak lur-jabeen laguntzarekin jasotako lurren muga eta mugarrien planoak eta koordenadak jaso dira liburuxketan; jabe bakoitzak dituen lursailen plano topografikoak topatuko ditu, mugarriak eta puntu garrantzitsu guztiek islatuta. Jasotako dokumentazioarekin desadostasunik izanez gero, 30 eguneko epea izango da erreklamazioak jartzeko. Erreklamazio horiek idatziz egin beharko dira eta udaletxeko HAZ bulegoan sarrera eman beharko zaie. Lana egin duen Geograma enpresak aztertu eta ebatziko ditu epe barruan jasotako erreklamazioak. Informazioa paperean ez ezik, formatu digitalean eskuratu nahi duenak horretarako aukera izango du, dagokion eskaera eginda.
Santa Ana aretoan banatuko dira mugatu eta digitalizatu diren lursailen liburuxkak, astelehenean eta asteartean, esan bezala, 9:30etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara. Jasotzen ez direnak udaletxera eramango dira eta HAZ bulegoan eskuratu ahal izango dira, azaroaren 25era bitartean. Argibidetarako, Geograma enpresarekin jarri beharko da harremanetan honako telefono zenbakira deituta: 945 041 064.
Liburuxkak banatu eta erreklamazioetarako epea bete ondoren, lanaren txostena Foru Aldundira, Ogasuna departamentura bidaliko da, katastroko datuak eguneratzeko, bai behintzat, adostasuna egon den kasuetan.
Aldi berean, 15. poligonoko lursailen mugatze eta digitalizazio lana martxan jarri du Udalak, horretarako kontratua eginda. Geograma enpresaren eskaintza bakarra jaso zen eta lana berari esleitzea erabaki da; 12 hilabetetan egingo du, 47.282 eurotan, udalaren gehienezko prezioa 5.254 eurotan merkatuta. 15. poligonoak Olabarrieta eta Murgiako lursail batzuk hartzen ditu. 457 Ha-ko gunea da eta 355 lursail edo partzela biltzen ditu.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!