Oñatiko udala

Turismo seinaleztapena aldatu egingo da datozen hilabeteotan

2025/10/22
Card image cap
Aldatuko den seinaleetako bat
Oinezkoen eta turismoa sustatzeko bideen seinaleztapena diseinatzeko kontratua egin berri da

  Herrirako bi sarreretan eta Arrikrutzerako bidegurutzean dauden irudidun seinale promozionalak berritu egingo dira eta, baita ere, Sancti Spiritus unibertsitatera, San Migel parrokiara eta Bidaurretako monastegira iristeko norabidea adierazten duten seinaleak. Guztien diseinua egiteko kontratua azken tokiko gobernu batzarrean onartu zen eta hilabete eta erdian gauzatzea aurreikusten da. Errepide nagusitan nahiz herriko kaleetan jarriko diren seinale ezberdinen diseinua eskuratzerako, hauek egingo dituen enpresaren kontratua ere aurreratu nahi da, bigarren lan horrek denbora gehiago beharko baitu. Aste honetan bertan hasiko dira era honetako materiala ekoizten duten enpresekin harremanetan jarri eta aurrekontuak eskatzen.

  Herrian dagoen ondasun artistiko-historikoa ezagutzera emateko promozio bide ezberdinak jorratzen ari da Udaleko Turismo departamentua. Martxoan, esaterako, Oñati 360 smart mapa garatzeko zerbitzua kontratatu zuen, turismo ondarea sustatu eta zabaltzeko helburuz. Drone bidezko eta aireko grabazioak nahiz eraikin barruko grabazioak uztartuz, herriko ondare kultural eta artistikoan barrena bisita berezia egiteko aukera eskainiko da 360 graduko ikuspegia emanez, bertan ez egonik ere. Lana aurreratuta dago eta laster turismoko web orrian txertatzea espero da. Paperezko mapak eta bestelako lokalizazio euskarri batzuk ere berritu asmo dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!