Turismo arduratsua, jasangarria eta errespetuzkoa sustatuko du Euskadik FITUR turismo azokan
FITUR azoka bihar hasi eta igandera arte egingo da Madrilen. Munduko turismo azoka garrantzitsuenetakoa den honetan Oñatik eta Debagoienako eskaintzak lekua izango du, Euskadiko stand-ean. Orokorrean, turismo arduratsua, jasangarria eta errespetuzkoa sustatuko da Euskadiko erakustokian, eta gure eskualdeak ere bide berean doazen hiru eskaintza konkretu eramango ditu: Debagoiena elkar-lotzen dituzten Hartzaren urratsa mendi ibilaldiak eta vasco-navarro trenaren ibilbidea oinarri hartuta familientzat landu den gimkana, batetik, eta Arantzazu eta Arrikrutz, Oñatin, naturarekin lotutako errekurtso jasangarri moduan. Mankomunitateko bi turismo tekniko izango dira Madrilen eta Mendiak eta bailarak gunean, Gipuzkoako eskualdetako arduradun gisa arituko dira arloko profesionalak eta herritar bisitariak zuzenean artatzen. Foru Aldundiak Gipuzkoa. Igo, Ibili. Korri egin. Ezagutu mendi turismoaren lehen gida argitaratu berri du eta Fiturren aurkeztuko du. Naturari lotutako turismoa hazkunde handia izaten ari den jarduera turistikoa dela jakitun, hori sustatu eta sendotzeko proposamena da Aldundiaren gida berria. Gipuzkoako eskualde guztietan gailur esanguratsuak daudela eta gida honen bidez, turismo-fluxuak eta hauei lotutako garapen ekonomikoa haran guztietan orekatzen laguntzeko bitarteko gisa aurkeztu da gida. Bertan, Oñati eta Debagoiena zeharkatzen dituzten zenbait ibilbide homologatu ere jaso dira, gaztaren ibilbidea, hiru tenpluak eta inaziotar bidea, besteak beste.
Oñatira etorrita, 2025a urte ona izan zen, turismo aldetik, aurreko urteko datuak ondu ez zituen arren. Aipagarria da Oñatiko ostatuetan bi egun pasa egin ohi dutela bisitariek eta lotarako sarreren kopurua bikoiztu baino gehiago egin dela 2019az geroztik. Aipagarria da Oñatin dauden 12 lo-lekuetan 45-50en bat langile ari direla egun. Baina turismo bulegoan, Arrikrutzen eta Txokolateixan egin ziren bisita gidatuen kopurua % 3 murritu zen iaz, 2024ko datuekin alderatuta. Txokolateixan ia 8.000 bisitari izan ziren eta kopurua hazi egin zen aurreko urtearekiko, ez ordea, Arrikrutzen eta turismo bulegoan. Jaitsieraren arrazoiak asko izan litezke: udako bero bolada ugari eta luzeak; parrokiako obrak lehenik eta unibertsitatekoak ondoren, herrigunean bisitatzen diren bi eraikin nagusiak itxita egotea; edota Arantzazuko turismo bulegoa ere udazken hasieran itxita egon zela eta hara hurbildu ohi den bisitariak beste bide batzuk hartu zituela… Euskadi mailan ere %2aren jaitsiera izan dela jakinarazi du Basquetourrek. Joera hori iraultzen saiatuko dira arloko profesional eta erakundeetako arduradunak FITUR azokan, bihar hasi eta domekara bitartean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!