Trianako jaien inguruan sortu diren zalantzak argitu asmoz idatzi bana kaleratu dute Udal Gobernu taldeak eta auzoko jai batzordeak

2020/07/07
Card image cap
“Normaltasun berrirako ” Eusko Jaurlaritzaren lege dekretua oinarri duen proposamena egin dela diote bi aldeek

  Trianako jaiak ospatzearen erabakiak zeresana eman duela eta, argibide ohar bana kaleratu dute Trianako jai batzordeak eta Iñaki Olalde Kultura batzordeburuak, Udal Gobernu taldearen izenean.

  Jaiak ospatzearen aldeko apustua eginik, lan nekeza eta arduratsua egin behar izan dutela aitortzen dute Trianako batzordeko kideek, herritarrei jai eredu ezberdin batean oinarritutako ospakizun eskaintza egin ahal izateko. Udaleko nahiz auzoko jai batzordearen idatzietan, bi aldeen arteko harreman eta bilerak ugari izan direla aipatzen da eta aldi berean, Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian ekainaren 19an argitaratutako Normaltasun berrirako lege dekretuak zehazten dituen osasun neurriak betetzen dituen proposamena landu dela zehazten da. Aipatu dekretuak kultur ekitaldiak edota jaiak ospatzea ez duela debekatzen argitzen du Iñaki Olaldek eta normaltasun berrira egokitutako neurriak jasotzen direla zehazten du. Norabide berean normaltasun berrirako, jai eredu berriak proposatzen dituela dio Trianako jai batzordeak.

  Udalak antolatzen dituen kultur ekitaldiek bakarrik balio ote duten galdetzen du Olaldek idatzian eta auzo batek edo eragile batek antolatzen dituenekiko ezberdintasunik ez dagoela eransten du. Trianako jai batzordekoak antolatutako ekitaldi guztien xehetasunak biltzen dituen txostena, protokolo orokorra eta ekintza bakoitzari dagokiona, aforoaren planoak, terraza formatuan funtzionatuko duen tabernaren zehaztapenak eta Jaurlaritzaren dekretua beteko dutenaren hitzarmena aurkeztu dutela dio Iñaki Olaldek herritarrei zuzendutako oharrean. Eta agindutakoa ez dutela beteko pentsatzeko aurrekaririk ez duenez, bere konfiantza eskaini diela zehazten du Kultura batzordeburuak. Arduraz jokatu eta egitaraua ahalik eta egokien bete dadin auzo batzordeari laguntzea norbanako bakoitzari dagokiola gogorarazten du Olaldek idatziaren amaieran.

  Trianako jai batzordeak zabaldu duen oharrera itzuliz, bestalde, herritarren aldetik jaso dituzten kezka eta zalantza asko ez-ezagutzatik etor daitezkeela eta, hartuko diren neurriak zehaztasunez zerrendatzen dira: jai eremua hesiz inguratuko da eta batzordea arduratuko da sarbidea eman eta barruan higiene zein segurtasun neurriak bermatzeaz; legearen araberako aforoa % 60a den arren, % 40ra murriztu dute; tabernako mahaien arteko distantzia ere handitu eta 2 metrokoa izango da, jai eremu barruan egoteko aulkia izatea ezinbestekoa izango da eta musukoa eraman beharko da metro eta erdiko distantzia mantendu ezean; sarreran batzordeko bi kide egongo dira aforoa gordetzen dela ziurtatzeko eta jarrera desegokiak ikusiz gero, ekintza bertan behera utziko da, txosna itxiz eta kontzertuak etenaz; Taberna 1:00tan eta terraza 1:30tan itxiko dira eta ekintza guztietan osasun eta segurtasun neurriak betetzeaz arduratuko dira.

  Herritarrei errespetuz eta arduraz jokatzea eskatzen die eta hala ez bada, jai ekintzat bertan behera geratuko direla azpimarratzen dute berriro. Aipatzen ari garen argibide idatzi horretan azaldutakoak nahikoa ez eta oraindik zalantzak dituztenei, edo beraien iritzia jakinarazi nahi dieten guztiei, jai batzordekoekin harremanetan jarri daitezen eskatzen diete.
Amaitzeko, egoera berria izan arren aurrera jarraitzea ere garrantzitsua dela azpimarratzen dute Trianako jai batzordeko kideek oñatiarrei zuzendutako oharrean.

  Trianako auzo jaiak asteburuan, ostiral, larunbat eta igandean ospatuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!