Tramitezko bilera izango du gobernu taldeak gaur
Azken orduan eta pesazko izaeraz beste gairik aurkezten ez bada, hasi eta gutxira amaituko da gaurko tokiko gobernu batzarra, tramitezko bi gai bakarrik zerrendatu direlako. Maiatzean egin zen Euskaraldia dinamizatzeko Topagunearekin sinatu zen lankidetza hitzarmenaren harira, udalaren dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu da eta hau onartuta bigarren ordainketa egitea proposatuko da arratsaldeko bileran.
Aseguruen gaia ere eztabaidatuko da; udalaren ondasunetako kalteen asegurua eta erantzukizun zibileko aseguru polizak kontratatzeko prozesua abian jartzea proposatuko zaio gobernu taldeari, jakinik, 2023an lizitatu zena betetzear dagoela. Kontratatu nahi den aseguru polizak udalaren ondasunak babestuko ditu, jasan ditzaketen kalteak aseguratuz, baina baita hirugarrenei eragin diezaieketen kalteak ere. Poliza urtebeterako kontratatu asmo da, abenduaren 31tik 2027ko urtarrilaren 1a arte, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin. Lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 128.400 eurotan finkatu da eta arratsaldeko bileran onartuz gero hala argitaratuko da zerbitzua esleitzeko iragarkian.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!