Oñatiko udala

Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergaren kobrantza hasi da gaur

2026/03/03
Card image cap
30 urte edo gehiago duten autoen jabeek “historiko” kategoria dutela egiaztatu beharko dute hobaria jasotzeko

  2026ko ordenantza fiskaletan egin zen aldaketaren ondorioa da aipatutakoa; hobaria jasotzen duten motordun ibilgailuen artean 30 urteko antzinatasuna zutenak sartzen ziren orain arte, baina ibilgailu historiko izatea zehazten da orain. Izendapen hori Trafiko Zuzendaritzak ematen du, eta matrikulatu zenetik 30 urte pasa eta jatorrizko egoeran mantentzen diren ibilgailuari ematen zaio, baldin eta bere ezaugarri edo osagai nagusiak aldatu gabe mantentzen baditu. Ibilgailu historiko aitortza horrek mantentze eta zirkulazio baldintzak malgutzen ditu eta, Oñatiren kasuan, ezinbestekotzat jo du Udalak zirkulazio zerga deritzonaren hobaria jasotzeko. Aurten indarrean sartu den aldaketa honen berri gutun bidez jakinarazi zaie 30 urteko antzinatasuna duten kotxeen jabeei, hobaria, gerora eskatzeko aukera emanez. Hau da, udal zerga ordaindu beharko dute baina DGTn tramitea bete eta historiko izaera eskuratutakoan, hobaria aplikatzea eskatu eta dirua itzuliko zaie. Berdin egingo zaie aldi baterako baja ematen duten kotxe jabeei.

  Bestelakoan, gogoratu, hobaria aplikatu ohi zaiela motor hibridoa, elektrikoa edo CO2 isuri baxua duten ibilgailuen jabeei eta baita familia ugariei ere, diru sarrerak eta seme-alaben kopurua kontutan hartuta zehaztu den taularen arabera. Hobaria jaso nahi duten familiek eskaera urtero berritu behar dute. Dagoeneko eskatu eta onartu zaienei hobaria aplikatu zaie ordainagirian, oraindik eskatu ez dutenei osorik kobratuko zaie eta eskatzen dutenean, baldintzak betetzen dituztela ziurtatu eta dagokiena itzuliko zaie.

  2026an udal zerga eta tasak orokorrean % 3,3 jasotzea erabaki zen iazko urriko Osoko Bilkuran eta hala aplikatu da trakzio mekanikodun ibilgailuen zergan. Iaz baino 43 agiri gehiago bideratu dira baina diru sarrera dezentez handiagoa kalkulatu da, 123.000 euro gehiago, ibilgailu zahar askok historiko izaera egiaztatzeko dutelako. Guztira, eta gerora etor daitezken hobari eskaerek datua aldatzea aurreikusten den arren, zergaren errolda 1.157.889 eurokoa da, une honetan. Oñatiko ibilgailuen erroldan 8.426 ibilgailu daude une honetan.

  Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergaren ordainketa helbideratuta duten 6.816 ibilgailuen jabeei kargua bihar, martxoaren 4an egingo zaie eta ordainketa jakinerazpena euren aurrezki kutxa edo banketxetik bidaliko zaie. Gainontzeko jabeek, udaleko jakinerazpena zuzenean jasoko dute datozen egunetan, ordainketa non eta nola egin zehaztuz. Trakzio mekanikodun ibilgailuen udal zerga ordaintzeko borondatezko epea ia bi hilabetez luzatuko da, apirilaren 25era arte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!