Totanako Habanera eta Polifonia lehiaketan parte hartuko du Hots abesbatzak larunbatean
Itsas doinuak ezagunak dira Hots abesbatzarentzat, orain bi urte, San Vicente de la Barquerako cancion marinera lehiaketan parte hartu baitzuten. Asteburuan, doinu leunagoak nagusi izango den Murtziako Totana hirian XXXV. Habanera eta polifonia lehiaketan arituko dira. Hilabeteak daramatzate lehiaketarako prestatzen, entsegu saio trinkoak egiten, errepertorioa landu eta interpretazioaren kalitate artistikoa sendotuz, Aitor Biain abesbatzako zuzendariak jakinarazi duenez.
Partaide guztiek bost abesti eskainiko dituzte, habanera atalean, Ojos de Sol doinua derrigorrezkoa izango dute denek eta beste bi hautazkoak, polifonia atalean hautazko bi doinu eskainiko dituzte. Oñatiarrek, Verde Mar eta Añoranza de un Marino habanerak kantatuko dituzte; polifonia atalean berriz, O Sapientia eta Oihu Hau.
Bihar goizean bertan, 8:30etan abiatuko da Oñatitik Totanara eramango dituen autobusa. Larunbata izango da lehiaketa eguna, gaueko 22:00etan hasiko da eta Hots abesbatza kantatzen azkena izango da. Horrek egunean bertan, goizean eta arratsaldean azken entseguak egiteko aukera emango die. Eta igande goizean, gosaldu ondoren itzuliko bidea egingo dute. Bidaia espresa izango da beraz, Murtziako Totana hirira egingo dutena. Baina ilusio handiarekin doaz, abesbatzaren ibilbidean beste urrats garrantzitsu bat eman asmoz.
Totanako XXXV. Habanera eta polifonia lehiaketan beste hiru korurekin bat egingo dute oñatiarrek: Mexikoko Coro de Camara de la Universidad de las Americas Puebla, Madrilgo Coral Polifónica Joven de Torrejon de Ardoz eta Valentziako Coro Universitario Sant Yago. Lehiaketa saio bakarrean egingo da eta Hots abesbatza azkena izango da eszenatokira agertzen.
Hots abesbatzarentzat lehiaketa giroa ez da berria, lehen esan bezala, eta estatuko lehiaketetan bezala nazioartean ere aritu da, iaz, esaterako Varnako nazioarteko abesbatzen lehiaketan parte hartu zuen eta bi urte lehenago Italiako Arezzoko lehiaketan. Asteburuan, doinu eta kantaera berezia eskatzen duen Habanera lehiaketan arituko dira, Murtziako Totana hirian. Saritan 6.600 euro banatuko dira guztira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!