Topakord akordeoi-jole gazteentzat topaketak antolatu ditu Hauspoz elkarteak Arantzazun
Laugarren urtea da Topakord topaketak Arantzazuko aterpetxean eta Gandiaga espazioan egiten direla. Helburua da gazte akordeoi-joleentzat urteroko topagune bilakatzea, elkar ezagutu, esperientziak partekatu eta elkarrekin lan egiteko aukera eskainiz. Akordeoi orkestra baten eraketa ardatz hartuta, ikasleek jarduera musikalak eta mota ezberdinetako proposamen artistikoak uztartuko dituzte, tartean, bakarkako klaseak ere jasoko dituztelarik. Horretarako Janne Valkeajoki irakasle finlandiarra gonbidatu dute master-classsak ematera.
Partaideek akordeoiarekiko duten ezagutza zabaldu eta instrumentua eta honen inguruak ikasten jarraitzeko aukera izango dute; talde lanean arituko dira, orkestran jotzeko obrak landu eta entseguak eginez eta akordeoia ikasten ari diren leku eta adin ezberdineko ikasleak ezagutuko dituzte. Musikak eta entseguek eguneko jardunaren zati handi bat beteko dute baina Arantzazu eta inguruak ezagutu eta bestelako aisialdi ekintzak egiteko aukera ere izango dute, begiraleek gidatuta.
Aurtengo Topakord-era Janne Valkeajoki irakaslea gonbidatu dute, master-classak eskaintzera. Akordeoi-jole finlandiarrak Euskal Herria eta Debagoiena ezagutzen ditu, 2015ean Arrasate Hiria Nazioarteko lehiaketa irabazi baitzuen. Eta ikasleek ez ezik, eskualdeko zaleek ere izango dute bere musika entzuteko aukera, kontzertua eskainiko baitu Gandiagako topaguneko sarreran, ostiralean, arratsaldeko 19:45etan.
Beste bi emanaldi ireki ere programatu dira Topakord topaketa hauetan, larunbatean, Master-eko ikasleen kontzertua izango da , 19:30etan hasita eta igandean, amaierako kontzertua, 16:30etan. Biak Gandiaga topaguneko Oteiza aretoan izango dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!