Tokiko merkataritzari laguntzeko plan bat egitea eskatu dio EAJk udal gobernu taldeari

Tokiko merkataritza indartu eta biziberritzea gai estrategikoa dela azpimarratu du Amaia Erostarbe jeltzaleen bozeramaleak prentsara zabaldu duen oharrean, udalerriaren erdigunea bizirik mantentzeko, enplegua sortzeko eta Oñatik kalitatezko jarduera eta zerbitzuak dituen herria izaten jarraituko duela bermatzeko. Herriko merkatarien elkartearekin bildu eta hauen eskaera nagusiak jasota, hainbat neurri hartzea eskatu dio EAJk, udal gobernuari:
- Tokiko merkataritzaren diagnostikoa eguneratzea, 2020an egin zena berrituz, eta ekintza plan bat egitea, neurri argiekin eta udal aurrekontuetan partida propioarekin.
- Sentsibilizazio eta sustapen-kanpainak bultzatzea urtean zehar, hurbileko merkataritza ikusarazteko.
- Ikastetxeekin lankidetzan aritzea, tokiko merkataritzaren garrantziari buruzko unitate didaktikoak txertatuz eta gazteen artean herrian erostearen balioa sustatuz.
- Bezeroen segurtasuna bermatzea merkataritza-kaleetan, bizikleten abiadura erregulatuz konkurrentzia bereziko eremuetan.
- Eta dinamizazio-proposamen berriei erantzutea: merkatarientzat egokitutako TAO formulak ezarriz; Gabonetako argiztapena eta giroa indartuz, plazako pinua berreskuratuz eta argiak hobetuz; puntu estrategikoetan pantaila digitalak instalatzea, tokiko merkataritzari buruzko informazioa zabaltzeko eta Oñatiko kontsumo bonuak sartzea udal lehiaketa eta jardueretan sari gisa, besteak beste.
Tokiko merkataritzaren egungo egoerak eskuhartze azkarra eskatzen duela diote jeltzaleek eta udalerri eredu bati buruz ari direla argitu du Amaia Erostarbek, azpimarratuz, hurbileko merkataritza erortzen uzten badugu, bizi-kalitatea, segurtasuna eta gizarte-kohesioa galduko ditugula. Horregatik, hitzetatik ekintzetara pasatzea exigitzen diote udal gobernu taldeari, elkarlanerako gonbidapena luzatzearekin batera.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!