Oñatiko udala

Tokiko Klima eta Energia Planean parte hartzeko gonbidapena luzatu da Udaletik

2025/11/26
Card image cap
Ingurumen eta energia gaien inguruko galdetegia zintzilikatu da web atarian

  Tokiko Klima eta Energia Planaren lanketari ekin dio Udalak. Klima-aldaketari aurre egiteko eta energia-eredu iraunkorrago, eraginkorrago eta osasungarriago baterantz egiteko udal-ekintzak zehaztea da prozesuaren helburua. Alegia, arintze eta egokitzapen neurriak hartuta, klima aldaketarekiko erresilientzia handitzeko, pobrezia energetikoari aurre egiteko, efizientzia energetikoan sakontzeko, eta, oro har, energia trantsizioan aurrera urratsak egiteko ekinbideak zehaztea.

  Orain abian jarri den planak neurriak ezarriko ditu emisioak murriztu, energia berriztagarriak sustatu, energia-eraginkortasuna hobetu, mugikortasun iraunkorra bultzatu, klima-aldaketaren ondorioetara egokitu eta baliabideen eta hondakinen erabileran ohitura arduratsuak sustatzeko. Funtsezko alderdiak ere jorratuko ditu, hala nola hirigintza, berdeguneak eta komunitatearen sentsibilizazioa. Eta komunitate horretara, herritarrengana jo du orain Udalak, dituzten beharrak eta ikuspegia jaso ahal izateko. Klima-aldaketari, mugikortasun iraunkorrari eta energiari buruz herritarrek dituzten iritziak, ideiak eta lehentasunak ezagutu nahi dira. Horretarako galdetegi bat diseinatu da eta udaleko webgunean zintzilikatu da, edonork bete dezan. Abenduaren 12ra arte mantenduko da. Herriko eragileen artean ere zuzenean zabaldu da. Herritarren parte-hartzea funtsezkoa dela azpimarratu dute udal arduradunek.

  Euskadiko Trantsizio Energetikoaren Legearen arabera Udala behartuta dago Tokiko Klima eta Energia Plana idatzi eta bertan proposatzen diren ekintzak zehaztu eta betetzera. Horretarako egutegia, arduradunak eta jarraipena finkatu beharko dituelarik. Orain lehen urratsak ematen hasi da, eta bide batez, herritarren iritzi eta ohiturak jakiteko galdetegia osatu eta zabaldu du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!