Oñatiko udala

Tigre eltxoa detektatzeko zaintza programan parte hartuko du Oñatik

2025/06/18
Card image cap
Eltxoa harrapatzeko tranpak jarriko dira herriko hainbat lekutan

  Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, NEIKER Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak eta erkidegoko udalek bat egin dute tigre eltxoaren hedapena geldiarazteko 2025eko zaintza programan. Orain 12 urte, ekin zitzaion Euskadin, espezie hori kontrolatzeko detekzio programari, 70 udalerritan eltxoaren presentzia identifikatu delarik, batez ere biztanleria-dentsitate handieneko eremuetan eta Bizkaiko eta Gipuzkoako hiri handienetan. Laginketa horietan tranpak jartzen dira arrautzak jartzen dituzten eltxo-emeak erakartzeko. Lagin horien analisiak espezie horren presentzia eta banaketa monitorizatzea ahalbidetzen du.

  Aurtengo zaintza-planak 46 udalerritako 68 laginketa-eremu hartzen ditu, tartean Oñati, Arrasate eta Aretxabaleta. Kontu egin behar da Debagoienean, Bergaran antzeman zela, 2022an. Zaintza orain, ekainean hasi da eta azaroaren 7ra arte luzatuko da, tigre eltxoaren jarduera handieneko aldia hartzeko. Aurten arreta berezia jarri da baratze eta hilerrietan, ur pilaketa gehiago gerta baitaitezke.

  Udal-zerbitzuen lanarekin batera, herritarren laguntza funtsezkoa da eltxo tigrearen hedapena geldiarazteko, batez ere eltxoa ugaltzea eragozteko neurriak hartuta. Eltxoek ur pittin bat behar dute arrautzak jartzeko, eta eraginkorrena, haztegiak izan daitezkeen leku horiek ezabatzea da, etxean ura pilatzea eragotzita. Hala gomendio batzuk eman dira: teilatu hodietan, kainu zuloetan edo estoldetan ur pilaketak saihestea; ura etengabe egoten den zuloak estaltzea; lorontzien azpiko platerak, baldeak edo plastikozko igerilekuak astean birritan hustea; 2-3 egunez behin berritzea animalien edontzietako ura; hustubideetan ura botatzea astean behin gutxienez, ur geldia saihesteko edota leihoetan, deposituetan, ontzietan eta beste hainbat lekutan eltxo-sareak erabiltzea, eltxoak sartu eta arrautzak jartzea eragozteko.

  Gainera, herritarrek Mosquito Alert aplikazioaren bidez lagundu dezakete tigre eltxoa identifikatu, bere presentzia datuak eguneratu eta jarraipena hobetzeko. Eltxoa beltza eta txikia da eta buruan eta toraxean marra zuri bat du. Batez ere egunez ibiltzen da, eta normalean egunez heltzen du, bertako eltxoek ez bezala, gauez heltzen baitute normalean. Gainera, ohikoa da behin baino gehiagotan jarraian heltzea ere. Mingarriak izan daitezke eta erreakzio handia eragin dezakete, eta helduaren eremua urarekin eta xaboiarekin garbitu eta hotza aplikatzea aholkatzen da. Tigre eltxoa espezie inbaditzailea da eta dengea, zika eta chikungunya bezalako gaixotasunak transmititu ditzake. Dena den, Euskadin kutsatzeko probabilitatea oso txikia da, ez da kasu autoktonorik detektatu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!