Oñatiko udala

Telefono bidezko inkestak egingo ditu Siadecok, Merkataritza Biziberritzeko Planaren baitan

2020/02/21
Card image cap
Asteartean hasiko dira herritarrei telefonoz deika

  Siadeco enpresa Oñatiko merkataritza biziberritzeko plana lantzen ari da, udalaren enkarguz. Une honetan diagnostikoa egiten ari da, eta bertatik jakinarazi dutenez, datozen egunetan telefono bidezko inkestak egingo dituzte herritarren artean, erosketa ohituren inguruko informazioa jasotzeko.

  Telefonoz 400 herritar galdekatzea da helburua. Halakoetan egin ohi denez, adin tarte ezberdineko gizon eta emakumeak elkarrizketatzen saiatuko dira, herriko erosle/bezeroaren ikuspegi orokor eta ahalik eta errealena lortze aldera. Asteartean hasiko dira telefono dei horiek egiten eta hainbat egunez luzatuko dira, 400neko kopurua bete bitartean. Inkestei erantzun diezaieten eskatzen dia udalak herritarrei, garrantzitsua baita erosle/bezero moduan eman dezaketen informazioa jasotzea.

  Siadeco enpresako teknikariek asteak daramatzate Oñatiko merkataritzaren egungo egoera azalduko duen diagnostikoa lantzen. Dendariekin inkestak egiten ari dira, dendariekin eta sektoreko beste eragile batzuekin elkarrizketa sakonagoak ere bai eta ezinbestekoak diren erosle/bezeroen iritzi eta jarrera ere jaso nahi da, egoeraren argazki zuzenena lortzeko.

  Diagnostikoak egungo merkataritza eta zerbitzu sistemaren egoeraren ikuspegi sakona eskainiko du, abiapuntu eraginkor eta erabilgarria izanik, hurrengo fasean, ekintza plana diseinatzeko. Diagnostikoaren fasea udaberrirako amaitzea aurreikusten da, apirilerako-edo amaitu nahi da.

  Datorren asteartetik aurrera herriko hainbat telefonotara egingo diren dei horiei erantzuteko denbora tartetxo bat hartzea eskatzen da udaletik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!