Oñatiko udala

Telefono bidezko galdeketak egiten hasi dira gaur, hondakinen bereizte-ohiturak ezagutzeko

2026/02/11
Card image cap
Mankomunitateak abiarazi du ikerketa soziologikoa, Ondo bereiztu eta hirukoa saskiratu! kanpainaren baitan

  Siadeco kooperatiba kontratatu du Mankomunitateak debagoiendarron hondakinen bereizte-ohituren inguruko ikerketa egiteko. Lanerako oinarria herritarrek emandako informazioa da eta horretarako telefono bidezko deiak egiten hasi dira gaur bertan. Debagoieneko herri guztietara deituko dute, baita Oñatira ere, eta herritarrak galdeketan parte hartzera animatu nahi dira Mankomunitatetik. Bide batez, eta aldez aurretik, eskerrak eman nahi dizkiete.

  Telefono bidezko inkesta hauen bitartez hondakinen bereizte ohiturak zeintzuk diren jasoko dute adituek eta herriz herriko nahiz eskualde mailako ondorioak atera ahal izango dira. Horiek oinarri hartuta sentsibilizazio kanpaina espezifiko berriak abiarazi ahal izango ditu Debagoieneko Mankomunitateak. Gogoratu, gaur abiatu den galdeketa hau orain aste gutxi hasi zen Ondo bereiztu eta hirukoa saskiratu! leloa duen sentsibilizazio kanpainaren baitan kokatzen dela.

  Hondakinak ondo bereiztera animatuz esku-orriak banatu eta kartelak jarri ziren eskualdeko herri guztietan eta 30 segundoko spot-a ere zabaldu zen. Gainera, liburuxka informatibo bat osatu da, tokian tokiko bilketa sistemaren ezaugarriak laburbilduz. Sei hizkuntzetan argitaratuko den liburuxka udaletxetan banatuko zaie erroldatzen diren bizilagun berriei. banatzeko. Ikerketa soziologikoa agiatu da gaur eta datozen asteetan berriz, bideo dibulgatzaile bat zabalduko da, Debagoienean biltzen den hondakin mota bakoitzaren ibilbidea laburbilduz. Kanpainaren helburua argia da, herritarrak kontzientziatu hondakinak bereiztearen garrantziaz, bide horretatik, kutsadura, kostuak eta tasak murriztu ahal izango baitira. Erronka ere garbia da: Debagoienean egun gaika biltzen den portzentajea handitu eta % 80ra iristea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!