Oñatiko udala

"Egunen alde zuria" eleberriaren aurkezpena egingo du Itziar Ugartek Literaktum jardunaldian, bihar

2026/11/16
Card image cap
Gerardo Markuletak "Orratzak paperezko tximeletari" poesia liburua kaleratu berri du

  Susa argitaletxearekin kaleratu du Itziar Ugartek bere lehen eleberria: Egunen alde zuria. Azken urteak Bordelen igaro ostean, herrira itzuli den Joana da protagonista. Familiarena izandako kale-baserrian jarri da bizitzen beste zerbait bilatu bitartean, eta denbora dezente igaroko du bakarrik han, itzultzaile autonomo modura lanean. Lasai hartu nahi luke aldi hau, eguneroko berri bati heldu, zerura gehixeago begiratu, baina ez da esatea bezain erraza; gauzen abiadurak estutzen du, garaiaren deslilurak, bidea nondik segitu nahi bezain argi ez ikusteak.

  Itziar Ugartek Literaktum egitarauaren baitan aurkeztuko du lan berria, Beñat Sarasolarekin solasean, bihar. Donostia kulturak urtero antolatzen duen literatura eta pentsamendu jaialdia da Literaktum. Gutxiengoen istorioak, ikusezin bihurtzen diren errealitateak eta identitateen arteko gatazkak dira aurtengoan hizpide eta horren baitan azalduko du oñatiarrak sortu duen azken lana, Donostiako Liburutegi Nagusian, bihar, 19:00etan.  Egunen alde zuria nobela argitaratu aurretik, Itziar Ugartek beste bi liburu plazaratuak zituen: Gu gabe ere Espainiako Kritikaren Saria zein Lauaxeta Saria eman zizkion poema liburua, 2021ean eta Primi Erostarbe. Itzalari dantza Euskal Herriko Trikitixa Elkartearekin iaz argitaratutako lan biografikoa.

  Baina Itziar Ugarte ez da bere lan berria egun hauetan aurkeztu duen oñatiar bakarra, Gerardo Markuletak Orratzak paperezko tximeletari haiku bilduma argitaratu berri baitu Alberdaniarekin. Mikropoemez osatutako liburua da, haiku japoniarraren lege zaharrari helduta idatzi du lana, hiru bertso-lerro, bost, zazpi eta bost silaben neurriari eutsiz. Lan honetan laburrerako duen joera muturrera eraman duela aitortu du Markuletak. Donostian, ostegunean egin zuen poesia liburu berriaren aurkezpena Gerardo Markuletak, alboan, editore-lana egin dituen Juan Kruz Igarabidek lagunduta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!