Oñatiko udala

Singular dendak egitasmoaren 2026-2027 deialdia martxan da

2026/10/28
Card image cap
Programa berrian parte hartzeko gonbidapena egin zaie Udaletik herriko merkatariei, informazioa eta izen-emate lotura helarazita

  Tokian tokiko denden lehiakortasuna hobetzea da Singular dendak egitasmoaren helburua. Erosketa esperientzia nabarmenak sortzea da azken helburu, norberaren komertzioa besteengandik bereizi eta bezeroak erakarri eta haien leialtasuna lortzeko teknika eta bitartekoak landuz.

  Kaleak biziberritzeaz gain, euren originaltasunagatik eta egiazkotasunagatik nabarmentzen diren establezimenduek jasotzen dute Singular dendak izendapena. Horretarako, saltzaileen konpetentziak, saltokia, erakusleihoak eta komunikazioa hobetzeko tresnak lantzen dira. Hainbat formazio saio egiten dituzte dendariek eta aholkularitza partikularra ere jasotzen dute. Singular dendak egiaztagiria lortzen duten merkatariekin elkarlanean jarraitzen da, etengabeko hobekuntza bermatze aldera. Programa hainbat fasetan gauzatzen da: hasierako diagnostikoa egiten da, hobetzeko ekintza plana definitu eta ekintza konkretuak gauzatzeko banakako eta taldekako aholkularitza ematen da eta jarraipen tarte baten ondoren ebaluazioa egiten da. Gainditzen dutenek Singular dendak ziurtagiria jasotzen dute. Hortik aurrera, etengabeko hobekuntza prozesuan jarraitzen da, esan bezala.

  Singular dendak egitasmoan parte hartzeko gonbidapena egin zaie Udaletik herriko merkatariei, informazioa eta izen-emate lotura helarazita. Gipuzkoako Merkatari Elkarteak 2014an sortu zuen programa eta hiru urte beranduago zabaldu zen Debagoienera, Oñati eta Arrasateko udalen lankidetzaz. Azken urteetan luzatuz joan da lankidetza horren haritik, Oñatiko hamabi komertziok Singular denda izendapena eskuratu dute jada: Maibi dekorazioak, Arkauz optikak, Andrea Azkoaga Interioristak, Candeluka jantzi dendak, Oñabikek, Trikitx dendak, Iramirak, D’Or estetikak, Txokolateixak, Itziar optikak, Sillero oinetakoak eta Kimu-Urtxin loradendak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!