Oñatiko udala

Hilerri inguruko zaintza areagotu du udaltzaingoak, lapurretak saihesteko

2026/10/28
Card image cap
Herribusa kanposanturaino sartuko da igandean

  Herritarrak hasi dira kanposantura hurbildu eta familia hilobiak garbitu eta txukuntzen, igandean Domu Santu eguna izango dela eta. Baina lapurrak ere halakoetara hurbiltzen dira data hauetan. Horregatik, hilerri inguruaren zaintza areagotu du udaltzaingoak eta lapurretak saihesteko arretaz ibiltzea gomendatzen da, urteroko moduan.

  Loreak eramatera edo hilobiak garbitzeko produktuekin kargatuta joan ohi dira asko hilerrira. Eta autoak behar bezala itxi gabe uzten ditu zenbaitek. Bueltan ez ustekoak jasotzen dira eta lapurtu egin dietenaz ohartzen dira. Garbitze lanetan kontzentratuta egonik, poltsak inguruan baina zaintza gabe ere uzten dira, lapurrei hartzeko erraztasunak emanez. Poltsak eta baliozko gauzak zaindu daitezen aholkatuz ohartarazpenak jarri ditu udaltzaingoak kanposantu inguruan. Zaintza ere areagotu dute eta udaltzainak, autoan, hilerrira bueltaka hasi dira azken egunotan. Sartu-irtenak sarritan, minutu gutxitako kontuak izaten dira eta azkar egingo denaren konfiantzan, poltsak autoan eta begi bistan uzten dira. Lapurrek ez dute denbora askorik behar izaten kotxeak ireki eta poltsak eramateko. Eta itxita uzten direnetan ere, leihatila apurtu eta agirian dagoen baliozko zamarra edo objektuak harrapatu eta ihes egiteko.

  Bestalde, igandean Herribusa kanposanturaino sartuko da, ohitura denez. Domu Santu egunean Herribusa kanposantura hurbilduko da, Arantzazura doala, hau da, herri gunetik gora abiatzen diren zerbitzuetan.
Oñati eta Arantzazu arteko autobusaren neguko ordutegia indarrean sartuko da igandean, hain zuzen, eta zerbitzua lehenago amaituko da. Arantzazura joateko azken autobusa 17:30tan irtengo da. Arantzazurako bidaia guztietan Herribusa hilerrira joango da eta aparkaleku parean geldituko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!