Oñatiko udala

Singular dendak egitasmoaren 2025-2026 deialdia martxan da

2025/05/07
Card image cap
Programa berrian parte hartzeko izen-ematea zabalik dago, maiatzaren 15era arte

  Tokian tokiko denden lehiakortasuna hobetzea da Singular dendak egitasmoaren helburua. Erosketa esperientzia nabarmenak sortzea da azken helburu, norberaren komertzioa besteengandik bereizi eta bezeroak erakarri eta haien leialtasuna lortzeko teknika eta bitartekoak landuz.

  Kaleak biziberritzeaz gain, euren originaltasunagatik eta egiazkotasunagatik nabarmentzen diren establezimenduek jasotzen dute Singular dendak izendapena. Horretarako, saltzaileen konpetentziak, saltokia, erakusleihoak eta komunikazioa hobetzeko tresnak lantzen dira. Hainbat formazio saio egiten dituzte dendariek eta aholkularitza partikularra ere jasotzen dute. Singular dendak egiaztagiria lortzen duten merkatariekin elkarlanean jarraitzen da, etengabeko hobekuntza bermatze aldera.

  Programa hainbat fasetan gauzatzen da: hasierako diagnostikoa egiten da, hobetzeko ekintza plana definitu eta ekintza konkretuak gauzatzeko banakako eta taldekako aholkularitza ematen da eta jarraipen tarte baten ondoren ebaluazioa egiten da. Gainditzen dutenek Singular dendak ziurtagiria jasotzen dute. Hortik aurrera, etengabeko hobekuntza prozesuan jarraitzen da, esan bezala.

  Gipuzkoako Merkatari Elkarteak 2014an sortu zuen programa eta hiru urte beranduago zabaldu zen Debagoienera, Oñati eta Arrasateko udalen lankidetzaz. Azken urteetan luzatuz joan da lankidetza horren haritik, Oñatiko hamabi komertziok Singular denda izendapena eskuratu dute. 2025-2026 ikasturteko formazio egitasmoan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago maiatzaren 15era arte, singulardendak.com web atarian sartuta edo formulario hau beteta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!