Udazkenaz gozatzeko mendi eta bizikleta irteerak antolatu ditu Debagoieneko Turismo departamentuak
Vasco-Navarro trena eta Hartzaren urratsa GRa dira Bizi Urria Debagoienean eskaintzaren ardatzak, lehenaren bueltan bizikleta irteerak egingo dira bihar eta etzi eta bisita gidatuak, hileko laugarren asteburuan. Tarteko bietan berriz, GR-289ak biltzen dituen eskualdeko bost etapak osatu ahal izango dira, hauek ere, mendi gidari batek lagunduta.
Asteburu honetan, urriaren 3an eta 4an, Eskoriatzatik Arrasatera eta Antzuolako kaxetatik Osintxurainoko bizikleta irteerak egingo dira, Vasco-Navarro bide berdea jarraituz, Ugutz Basaurik gidatuta. Ibilbidean zehar enigmak argitzeko gynkana osatuko da. Urriaren 24an, berriz, Labegaraieta/Bergara eta Vasco-Navarro bisita gidatua egingo da, 25ean, Arrasate eta Vasco-Navarro izenekoa. Bizikleta nahiz oinezko bisita gidatu hauek bi orduko iraupena izango dute eta dagokien egunean 11:00etan abiatuko dira.
Urriko bigarren eta hirugarren asteburuetarako, bestalde, mendi irteerak antolatu dira, Hartzaren urratsa GRa jarraituz: 10ean, Araotz-Oñati, 11n, Oñati-Bergara eta 12an, Bergara-Arrasate etapak beteko dira, 17an eta 18an, aldiz, Arrasate-Leintz Gatzaga eta Leintz Gatzaga-Araotz. Mendi irteera horiek ere gidatuak izango dira. Kasu honetan, 8:30etan abiatuko dira eta irteera puntura joateko autobusa jarriko da. Informazio zehatza izena ematean jakinaraziko da. Izan ere, Bizi Urria Debagoienean jarduerak proposatzen dituen 9 irteeretan parte hartzeko izena ematea ezinbestekoa da. Bi bide daude horretarako, telefonoz deitzea, 943 79 64 63 zenbakira edota mezua bidali infoturismo@debagoiena.eus helbide elektronikora.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!