Oñatiko udala

Hiru oñatiarren literatura lanak argitaratuko dira datozen asteetan

2026/10/02
Card image cap
Nobela bana kaleratuko dute Fermin Etxegoienek eta Itziar Ugartek, zazpigarren poesia liburua Gerardo Markuletak

  Durangoko azoka mugarri izan ohi da argitaletxeentzat eta urteko azken hilabeteetan argitalpen berriak pilatzen dira, horietako hiruk oñatiarren sinadura eramango dute; Fermin Etxegoienek Atzerakarga eleberria kaleratuko du eta poesiatik nobelara salto eginda Itziar Ugartek Egunen alde zurian lana argitaratuko du. Gerardo Markuletak berriz, olerkigintzan jarraituz, Orratzak paperezko tximeletari liburua aterako du.

  Fermin Etxegoienek urteak zeramatzan libururik argitaratu gabe eta Pamiela etxearen eskutik kaleratuko du Atzerakarga eleberria. Fikziozko lana den arren, gogoeta eta hausnarketarako tarteak ere badituela eta Etxegoienek, beste behin, hizkuntzari erreparatzen diola aurreratu da. Itziar Ugartek berriz, olerkigintzako hizlaura salto egin du eta Egunen alde zurian eleberria kaleratuko du, Susa argitaletxearekin. Egunerokoaren, memoria liburuaren eta ohar koadernoaren artean joan-etorrian dabilen nobela dela adierazi da. Gerardo Markuletak, azkenik, azaroan jarriko du salgai Alberdaniarekin kaleratuko duen zazpigarren poesia liburua, Orratzak paperezko tximeletari lana. Haiku bilduma da. Markuletak 2015ean kaleratu zuen bere azken olerki liburua, Denbora bere lekura baina ez dio sortzeari utzi eta bere poema asko kantu bihurtuta iritsi zaizkigu, beste autore batzuen itzulpenak egiten aritu den bitartean.

  Markuletaren lana azaroaren 4an kaleratuko duela aurreratu du argitaletxeak beste bien salmenta datarik ez da zehaztu baina beti ere abenduko Durangoko azokaren aurretik etorriko direla iragarri da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!