Oñatiko udala

Servimac Suministros Agrícolas industriales enpresari erosiko zaio landa-bideetako sastrakak kentzeko beso berria

2026/02/11
Card image cap
Auzo bideak urtean birritan garbitzen jarraitzeko aukera emango du ekipamendu berriak

  Udalak orain 25 urte ekin zion auzo-bideetako bazterrak garbitzeko programari. Zerbitzua azpi-kontratatzen hasi ziren baina 2013an bere baliabidez egitea erabaki zen, hartarako traktorea eta desbrozatzeko besoa erosiz. Urtean mozketa bakarra egitetik bi egitera pasa ziren, udaberrian eta udazkenean. Auzo bideak garbitzeko zerbitzuaren kalitatea hobetu eta merkatu zen. Baina urteen eta erabileraren ondorioz, belarra mozteko gailua zaharkituta geratu zen; matxura ugari izan zituen eta iaz, esaterako, kanpaina atzeratu behar izan zen, konpondu bitartean. Egoera ikusita, beso berria erostea erabaki zuen udalak eta hartarako deialdia argitaratu zuen abenduan. Bi enpresa aurkeztu ziren eta ekipamendu berria Servimac Suministros Agricolas industriales SL enpresari erostea erabaki da, beste enpresak eskainitako besoak ez zituelako oinarrietan zehaztutako baldintza teknikoak betetzen.

  Rousseau etxeko Kastor 550PA markako besoa erosiko da; udalak egun duen traktorera egokitzen den elementua da eta bide ertzeko sastrakak kentzeko aukera ezberdinak eskaintzen ditu. Beso berria 52.744 eurotan eskuratuko da, udalak hartarako zehaztu zuen gehienezko prezioa 5.236 eurotan merkatuta. Berme epea gainera, urtebetez luzatuko da. Landa bideetako sastrakak kentzeko beso berria hornitzeko hiru hilabeteko epea du enpresak, ondorioz, udaberriko lanetarako garaiz eskuratzea espero dute udal arduradunek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!