Oñatiko udala

Sentsibilizazio kanpaina hasi du Oñati Palestinarekin taldeak

2026/02/12
Card image cap
Bidaurreta inguruan jarri diren kartelez Palestinaren egoera gogorrak bere horretan jarraitzen duela gogorarazi nahi da

  Albistegietako lehen lerroetatik desagertu den arren, Gazan eta, orokorrean, Palestinan, bonbardaketek, suntsiketak, derrigorrezko desplazamenduek, hondamendiak… bere horretan jarraitzen dute. Herritarrek egoera lazgarri hori ahaztu ez dezaten eta lehenago ere erakutsi duten elkartasunaren garra mantentzeko helburuz, sentsibiliazazio kanpaina bati ekin dio Oñati Palestinarekin taldeak, Palestinako errealitatea ikusarazten duten kartelen bitartez. Bi kartel jarri dira, Palestinako genozidioak darraiela eta Palestinan hotzez, gosez eta bonba pean jarraitzen dutela salatuz. Era berean, Europako gobernu eta agintarien ez ikusi nahia salatzen da.

  Bidaurreta inguruan bart jarri diren bi kartelak lehenak besterik ez dira, beste zazpi eginda baititu taldeak eta datozen egunetan herriko beste gune batzuetan jartzeko asmoa baitute. Kartelen diseinu eta egitura bereziki zaindu da, luzaroan iraun dezaten; euskarri gisa, egurrezko listoiak dituzten eta panel gogorrean egindako kartelak dira, zelaietan sartu eta luzaroan iraun dezaten propio egindakoak. Alde horretatik, herritarren laguntza eskatu dute, kartelak zaindu daitezen.

  Egunerokoak daraman abiadura eta berriaren morrontzak agindutakoari aurre eginez, Palestinako gatazka eta indarkeriak bere horretan jarraitzen duela eta guztion oroimenean mantentzea da Oñati Palestinarekin taldearen helburua abian jarri berri duen kanpaina honen bitartez, jakinda, injustiziari aurre egiteko agintariek erakusten duten ausardia faltari herritarren aktibazioz erantzun behar zaiola. Asmo horrekin eratu zen Oñati Palestinarekin taldea, bizpahiru astean behin elkartzen den herritar-taldea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!