Oñatiko udala

Sei zauritu arin eragin zituen Lurraldebuseko autobus batek Zubillagan atzo izan zuen istripuak

2025/11/25
Card image cap
Elorregitik zetorren ibilgailua errepidetik irten eta alboko hesiaren kontra jo zuen

  Arrasate eta Zumarraga arteko ibilbidea osatzen zuen autobusak izan zuen istripua, hormigonerara iritsi aurretik, 13:05 inguruan. Eskumaldera larregi hurbildu zen eta hesiaren aurka jo zuen. Ondorioz, sei bidaiarik zauri arinak izan zituzten eta ospitalera eraman zituzten, lau Arrasatera eta bi Zumarragara, Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi zuenez. Trafikoan ere eragina izan zuen istripuak eta Arrasateraino iritsi ziren auto ilarak bi orduz luzatu ziren, ibilgailua erretiratu bitartean, trafikoa txandaka eman zelako. Lurraldebuseko autobusak kolpea aurre-eskuinaldean jaso zuen.

  Istripua Debagoieneko alkateak eta Diputazioko ordezkariak bilera egin behar zuten egunean gertatu zen, eta egin behar zen egunean diogu, tekniko baten falta argudiatuta bertan behera utzi zelakoaipatu bilera. Eskualdeko alkateek eskatu dute bilera, Debagoienako autobus zerbitzuaz kezkatuta. Ez da lehen aldia eskualdeko autobus zerbitzuaren egoera larria konpontzea eskatu diotela alkateek Mugikortasuna, Turismo eta Lurralde antolaketarako Diputatuari, orain urtebete, esaterako, bilera egin zuten eta Debagoienako autobus zerbitzu publikoaren gabeziak aurkeztu zizkioten. Hiru eskaera konkretu egin zizkioten Aldundiko arduradunari: herrien arteko loturetan 15 minutuko maiztasuna bermatzea, puntualtasuna bermatzeko neurri eraginkorrak ezartzea eta hiriburuetarako eta beste eskualdetarako konexio estrategikoak indartzea. Eskualderako gai garrantzitsua da autobusa baita garraio publiko bakarra. Debagoieneko udal ordezkarien eta Diputazioko arduradunen arteko bilera egiteko data berria jakinaraztearen zain daude orain eskualdeko alkateak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!