Segurtasuna hobetzeko lanak egin dira Pake Leku elkartean
Larunbatean ireki zen Pake Leku elkartea, astebetez itxita egon ondoren. Tarte horretan, suteen segurtasun araudiak agintzen dituen hainbat lan egin dira; erabiltzaileen segurtasuna bermatze aldera, ebakuazioa errazteko neurriak hartu dira: areto nagusiko eta sotoko irteerak aldatu dira; bi irteera berri egokitu dira; lehen solairuko arotzeria aldatu da, tabernaren aireztapena hobetzeko; eta segurtasun beirak ezarri dira. 30.000 euroko aurrekontua izan duten lanok udalaren kontura egin dira.
Pake leku elkarteko instalazioak berritu eta indarrean dauden araudi ezberdinetara egokitzeko prozesuan daude. Lanak faseka egiten ari dira eta burutu beharrekoen zerrendan segurtasuna lehenetsi da.
Pake Leku elkarteak 1.200 bazkide baino gehiago ditu egun, eta asko adinekoak eta mugikortasun mugatua duten pertsonak dira. San Juan kaleko 2-4 zenbakidun eraikina herriko jubilatuentzat topagune da eta ekintza ezberdinak egiten dituzte: ikastaroak, hitzaldiak, bingoa, dantzaldiak eta entseguak, besteak beste. Tabernaren erabilera ere handia da eta ez jubilatuen aldetik bakarrik, bestelako herritarrak ere joaten direlako zerbait edan edota jatera. 2000. hamarkadan eraikinean azken lan nagusiak egin zirenetik, halako eraikin eta zerbitzuei eragiten dieten arau eta legeak berrituz joan dira eta horietara egokitzeko proiektua eskatu zion Udalak Ainhoa Negeruela arkitektoari. Lokala ahalik eta arinen eta modu seguruan hainbat aldaketa eta lan egin dira azken asteotan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!