Oñatiko udala

Segurtasun eza handitzen ari dela eta udal gobernuak ez duela ezer egiten salatu du EAJk

2025/11/28
Card image cap
Ertzaintzarekiko koordinazioa hobetu, udaltzaingoaren ordutegia luzatu eta zaintza kameren funtzionamendua bermatzea eskatu dute jeltzaleek

  Herritarren kezka eta beldurra nabarmen handitu dela dio EAJk prentsara zabaldu duen oharrean. Lapurretak, lapurreta saiakerak, ibilgailu ezezagunen inguruko susmoak eta poliziari egindako alerta-dei ugariak herritarrek bizi duten errealitatearen isla direla adierazten dute jeltzaleek. Ingurune segurua bermatzeko betebeharra gobernu taldeari dagokiola diote baina honek erakusten duen erreakzio eta neurri argi faltak herritarren babesgabetasun sentsazioa handitzen duela zehazten da idatzian.

  Arazoa politikoa dela ere esaten du EAJk, Ertzaintzarekiko EH Bilduk duen jarrera anbiguoaren ondorioz, gobernatzen duen udalerrietan polizia eredu zehatzik ez dagoela gaineratzen du. Ertzaintzarekiko azaldutako mesfidantzak lankidetza estuan aritu beharko luketen erakundeen arteko koordinazioa zaildu eta eraginkortasuna mugatzen duela diote jeltzaleek. Herritarren antzera jeltzaleek ere segurtasunez eta lasaitasunez bizi ahal izateko oinarrizko bermeak eskatzen dituztela dio idatziak: poliziaren presentzia handitzea, erakundeen arteko koordinazioa hobetzea eta informazio argia ematea. Era berean, zaintza kameren funtzionamendua bermatzea eta udaltzaingoaren ordutegia eguneko 24 ordutara zabaltzea eskatzen du EAJk.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!