Oñatiko udala

Santutegi berriaren lehen harria jarri zeneko 75. urteurrenarekin etorriko da Arantzazuko Ama Birjinaren eguna

2025/09/05
Card image cap
Ez da ospakizun berezirik antolatu baina gogoan hartuko da, seguru

  Arantzazuko frantziskotarrak ari dira irailaren 9ko ospakizuna prestatzen. Udala, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak gonbidatu dituzte eta erantzunen zain daude. Oñatiko udalbatzako hainbat kide, alkatea buru, bertan izango direla adierazi zigun Izaro Elorzak atzo, ALKATEAREKIN BERBETAN saioan.. Juan Migel Dorronsoro Arantzazuko guardianoarekin batera gainontzeko erakunde ordezkariei ongi-etorria egingo diete.

  Fernando Prieto, Donostiako gotzaina, bertan izango da, meza nagusia zuzentzen. Egun bereziak dira hauek Gipuzkoako Eliza Katolikoarentzat: Arantzazuko Santutegi berria bedeinkatu zela 70 urte bete ziren, pasa den larunbatean, eta horretarako lehen harria jarri zeneko 75. urteurrena beteko da Ama Birjinaren egunean. Horren inguruko ospakizun berezirik ez da izango asteartean baina, seguru, aipamenak ez direla faltako.

  Herritarrak, erromesak, nagusi izango dira Arantzazun, asteartean, lehen ordutan behintzat. 7:00etan abiatuko da Parrokia aurrealdetik Arantzazurako erromesaldia eta bigarren hitzordua 8:00etan egin da, Zapatan. Erromesen meza 10.00etan ospatuko da. Beste hiru meza izango dira asteartean Santutegian, 12:00etan meza nagusia, 13:30etan gazteleraz eta 19.30etan eguneko azkena. 

  Bestalde, Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzua indartu egingo du Udalak aurten ere, eta bi autobus jarriko ditu gora eta behera, zerbitzua, ordu erdiroko maiztasunez beteko dutelarik. 7:30etan abiatuko da lehen autobusa Oñatitik eta azkena, arratsaldeko 19:30etan, Arantzazutik; ohiko geltokietan geratuko dira. Urteroko bide segurtasun protokoloa jarraituko da, nahiz eta, ez dirudien behar berezirik izango denik, asteartea laneguna baita Gipuzkoan eta baita Oñatiko lantegi gehienetan ere. Santutegi aurrealdeko aparkalekua mugikortasun urria dutenentzat eta baimendutako ibilgailuentzat gordeko da eta aparkalekuak betetzen badira, itxi egingo da Arantzazurako errepidea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!