Oñatiko udala

Sancti Spiritus unibertsitateko zaharberritze lanak erdibidean daude

2026/06/05
Card image cap
Diputazioko eta Batzar Nagusietako hainbat kide unibertsitatean izan ziren atzo, lanak bertatik bertara ikusten

  Unibertsitateko birgaitze-lanak aurreikusitakoaren arabera aurrera doazela, laster erdialdera iritsiko direla eta udazkenean amaituko direla adierazi du Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak. Urte akabera baino lehen eraikina irekitzea espero dela ere esan du. Bisita instituzionala egin zen atzo Sancti Spiritus unibertsitatera eta Diputatuarekin batera, Izaro Elorza alkatea eta Batzar Nagusietako hogei bat ordezkari lanak bertatik bertara ikusi zituzte, zaharberritze lanen arduradunek gidatuta.

  Eraikinaren kanpoaldeko lanak oso aurreratuta daudela adierazi dute arduradunek eta kasik amaituta daude fatxadak eta eskultura-elementuak garbitzea. Gainera, jatorrizkoak ez diren leihoen inguraketak erregularizatu dira eta karezko morteroa harlangaitz-hormaren gainean aplikatu da, eraikinaren jatorrizko irudia berreskuratuz. Era berean, eraikinaren teilatuko estalki zaharra kendu, iragazgaiztu eta teila berriak jartzeko hasi da. Halaber, amaitu dira euri-urak husteko erretenak eta gargolak berreskuratzeko probak. Patioaren aldean dauden gargolak bertan garbitu dira, eta ur-irteerak eta perimetro-erretenak berunez estaltzen ari dira. Iazko uztailean tximistak jo eta apurtu zuen gerlariaren irudiaren erreprodukzioa, bestalde, aurrera doa.

  Eraikinaren barrualdean ere egokitze lanak egiten ari dira: Sartu eta ezkerretara, turismo bulegoa izango deneko espazioan, morterozko lehen zola (drainatzea) eraikitzen ari dira eta eskumatara dagoen kaperako egurrezko zoladura kendu da, aireztapen instalazioa egin eta berriro estaltzeko. Jatorrizko oholak berrezarriko dira. Bi espazio hauen zorua parioaren kota berean jarriko dira, eraikinaren irisgarritasuna hobetzeko.

  Jatorrizko itxura berreskuratuko du Sancti Spiritus unibertsitateak zaharberritze lanak bukatu ondoren. Paretetan ez dira harriak ikusiko eta sarrera nagusia inguratzen duen eskultura multzoa nabarmenago geratuko da. Eraikina hezetasunaren aurka babestuago geratuko da gainera, fatxada-horman morteroz estalita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!