Sancti Spiritus unibertsitateko lanak astelehenean hasiko direla berretsi du Azahara Dominguez foru diputatuak
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak jardunaldi irekia egin zuen unibertsitatean bertan, areto nagusian. Diputazioko ordezkariek, proiektua egin duen Tabuenca enpresako profesionalek eta herritar gutxi batzuk bat egin zuten bileran. Udal ordezkari gisa joan zen Iñigo Ruiz ere herritarrekin batera jesarrita egon zen, argibideak entzuten. Hitza hartu eta bertaratutakoei eskerrak eman ondoren, lanak berehala, datorren astelehenean bertan hasiko direla berretsi zuen Azahara Dominguez diputatuak.
Sancti Spiritus unibertsitatearen eraikinaren historia errepasatu zuen Ainara Sagarna Aldundiko arkitektura zuzendariak eta ondoren, Fernando Tabuenca Gonzalezek, birgaitze proiektuaren idazleetako batek hitza hartu zuen. Unibertsitateak, orokorrean, hezetasun arazoak dituela adierazi zuen, jatorria eraikinaren oinarrian dagoela azalduz. Baina euriak, haizeak, ere kaltetzen dute eta hori kontutan hartuta osatu dute birgaitze proiektua. Eraikinaren irisgarritasuna eta eraginkortasun energetikoa ere kontutan hartu dituztela argitu zuen. Lanak, bi fasetan egingo dira eta astelehenean hasiko diren lehen eskuhartzeak kanpoko eta klaustroko fatxadetan eta teilatuan izango dira, nagusiki. Fatxadei dagokienean, jatorrian zuten itxurara gerturatzeko egun bistan dauden harriak karez estaliko direla argitu zuen. Fernando Tabuenca.
Lanen bigarren fasearen esleipen prozesua laster, urtarrilean bertan abiarazi nahi du Diputazioak. Fase horretan Turismo bulegoa egokituko da sarrera nagusitik pasa eta ezkerraldeko lokalean, IVAPek urteetan erabili duen gunean. Turismo bulego berria egokitzeko lanekin batera, irisgarritasuna hobetzeko esku hartzeak eta eraikinari etorkizunean erabilera publikoagoa emateko beharrezkoak diren beste lan osagarri batzuk egingo dira; igogailua instalatuko da, larrialdietako irteera berriak irekiko dira eta komun berriak egingo dira, eraikinaren aireztapen eta girotze beharrari erantzuteko beste hainbat lanekin batera. Bigarren fase honek milioi bat euro inguruko kostua izango du eta sei hilabeteko gauzatze epea aurreikusten da. Ondorioz, bi faseetako lanak bateratu egingo dira datozen hilabeteetan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!